Irailaren 30ean, San Migel Bixamona egunean izango da aurten Herri Eguna. Egun handia izaten da oñatiarrendako; horregatik, antolakuntza lanetan diharduten talde ezberdinak buru belarri dabiltza. Nekazarien Elkartea, esaterako, Unibertsitate aurrean egiten den ganadu azokaz arduratzen da, besteak beste. "Diputazioa gero eta traba gehiago jartzen ari da, burokrazia larregi eskatzen dute. Azken finean azoka herrikoi bat da, eta horrelako exijentziekin lortuko dutena da azokak bertan behera geratzea", azaldu du Nekazarien Elkarteko lehendakaria den Aintzane Agirrek. Oztopoak oztopo, ganadu feriarekin aurrera egingo dute. Behiak, zaldiak, pottokak, txerriak, astoak, ahuntzak, ahariak… egongo dira ikusgai. Hegazti gripea dela-eta, oilorik ez da izango. Gainera, gazta lehiaketa ere egingo dute: herriko baserritar eta artzainen gaztak dastatuko dituzte epaimahaia osatuko duten zortzi lagunek. Fruitu eta barazki erakusketa eta salmenta ere egongo da: Ortuzabala eta Elkarzabal elkarteak egongo dira. Lehiaketako sari banaketa 13:15ean izango da. Ohiturari eutsiz, unibertsitateko klaustroan artisau erakusketa jarriko dute.
Talo postua
Ezker Abertzaleak antolatuta taloak eta ogitartekoak salduko dituzte Irunberri plazan muntatzen den Herri Tabernan. 80 bat lagun ibiliko dira lanean eta taloan edo baserriko opilean hirugiharra eta txorixo errea salduko dute. 220 kilo arto irin, 80 kilo hirugihar eta 1.500 txorixo erosi dituzte. Txartel trukearekin egiten dute lan postuan: talo betea 4,5 eurotan salduko dute eta talo hutsa 3 eurotan. Ardoa edo sagardoa ateratzen dute taloarekin edo ogitartekoarekin batera; freskagarriak 2 eurotan saltzen dituzte.
Sagardo dastaketa
Herriko plaza sagardo postuz beteko da eguerdirako. 35. sagardo dastaketa egingo dute: 27 sagardotegik parte hartuko dute, Gipuzkoakoak gehienak, baina baita Arabakoak ere. Edalontzia edo kopa erosi, horixe besterik ez da egin behar sagardoa dastatu ahal izateko.
Herri bazkaria
Zubikoa kiroldegian egingo dute Herri bazkaria, 14:30ean. Bazkariko txartelak salgai daude Izarraitzen, Arranon, Eltzia tabernan eta Batzokian. Txosna batzordeak antolatuta, aldiz, Antixenan egingo dute bazkaria, 15:00etan. 17:00etan, herriko gaztetxoen herri kirol erakustaldia, plazan. Ondoren, profesionalen erakustaldia –euriarekin, Zubikoan–.