Kontzertua dohainik da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko informazio-puntuan, Donostia Turismoaren bulegoan edo Belodromoko leihatilan. 3.000 lagunendako edukiera izango du.
Sei pieza eskainiko dituzte
Las niñas de cristal (Jota Linares), Love gets a Room (Rodrigo Cortés), Modelo 77 (Alberto Rodriguez), Irati (Paul Urkijo), Nora (Lara Izagirre) eta Momiak (Juan Jesus Garcia Galocha) filmen soinu bandekin osatu dute errepertorioa. "Juan Jose Oconek zuzenduko du emanaldia; martitzenean Oñatin egin genuen entseguan izan zen eta txalotu egin zuen egindako lana. Nora filmekoan izan ezik, instrumentala da-eta, beste guztietan abestuko dugu formatu ezberdinetan, esaterako, zortzi ahotsetara batzuetan eta hamabi ahotsetara besteetan. Maria Izaga izango da bakarlaria. Estilo oso ezberdineko piezak dira, adibidez, musika frantsesetik gertu dago horietako bat, Fernando Velazquezek sortutakoak garaikideagoak dira eta Irati filmekoan, berriz, abesteaz gainera, bestelako ahots-jokoak egiten ditugu", azaldu du Ganbara Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek.
Filmen irudiak, pantailan
Morgancrea taldeak espresuki kontzerturako prestatu duen filmen pasarte ezberdinekin osatutako muntaia 400 m2-ko pantailan erakutsiko dute, eta hari doinua jarriko diete, zuzenean, musikariek. "Ikusten eta entzuten dena bat joan behar dira eta horretan datza zailtasuna, baina astean egindako entseguetan emaitza polita izango dela ikusi dugu. Oso pozik eta eskertuta gaude, ekimen polit honetan parte hartzeko eman diguten aukeragatik", gaineratu du Biainek.