Sorotan Bele gogoan delako kontzertua egingo dute Errosarixo Egunean Oñatiko Musika Bandak eta Sorotan Bele taldeko kide izan ziren lau musikarik –Gorka Sarriegik, Urbil Artolak, Ritxi Salaberriak eta Aitor Etxanizek–. Ez da taldearen itzulera bat, baina taldearen lehenengo disko arrakastatsuko abestiak eskainiko dituzte.
Zer da kontzertuan ikusi eta entzun ahalko dena?
Xabier Zabala musikari zarauztarraren ideia bat izan zen. Sorotan Beleko lehendabiziko diskoko abestiak moldatu zituen herriko bandentzat eta niri deitu zidan ea kolaboratzera animatuko nintzatekeen galdetuz. Eta nik, noski, baietz esan nuen. Hau ez da taldearen itzulera, ez da Sorotan Bele taula gainean egongo dena, baizik eta Sorotan Beleko batzuk egongo gara.
Urte asko daramazu taula gainera igo barik?
Urte asko eman ditut mundu honetatik kanpo. Proiektu honen aurretik deitu ninduten txistularien banda batekin edo bestekin kolaboratzeko, baina honako hau beste gauza bat da, kontzertu luzeagoa. Lehenengo diskoko errepertorio guztia joko dugu, eta gehiago ere bai, kontzertua luzatzeko. Urteetan egon naiz gitarra jo gabe eta ezer egin gabe eta orain gitarra gabe igotzen naiz, hain zuzen ere, horregatik.
Ze sentsazio dituzu?
Ardura eta urduritasun handia. Beti egin behar izan dut borroka nire buruarekin urduritasunen aurka. Nire izaera horrelakoa da. Lehen kosta egiten zitzaidan eta orain ere bai. Gainera, ni ez nintzen abeslaria izan behar Sorotan Belen. Beste abeslari bat aurkitzea zen asmoa eta nik gitarra jotzea, baina, olatuak harrapatu gintuen.
Musikalki proposamen interesgarria iruditzen zaizu bandarekin aurkeztuko duzuena?
Oso polita. Oso ondo uztartzen dira taldea eta banda. Guretzako oso sorpresa polita izan da, Xabier Zabalaren moldaketak oso ederrak dira.
Abesti ezagunak entzungo dira: Arratsalde honetan, Marinelaren zain... Gaur egun ere arrakasta duten abestiak.
Erabat sinesgaitza egiten zaigu oraindik ere. Gainera emanaldietan ikusten ari garena da datorren jendea propio datorrela kontzertura eta ez bertatik pasatu delako. Jendearen jarrera ere harrigarria izaten ari da. Benetan hunkitzen gara emanaldietan, oso bereziak izaten ari dira. Ikusten dugu jendea guztiz entregatuta, adin guztietako jendea abesten, sekulakoa da.
Uste dut musika bandetan ere gogotsu daudela zuekin aritzeko.
Hori nabaritu dugu orain arte egin ditugun kontzertuetan. Ez da eurendako ohiko errepertorioa eta eskertzen dute aldaketa. Oso polita da hori jakitea eta jendea hurbiltzen bada ba, fenomeno, horretarako egiten dugu.