Oñatiko Musika Banda: protagonista ezinbestekoa, formatu berritzaileetan

Miren Arregi Amasorrain 2023ko ira. 26a, 15:00

Umeen eta nagusien danborradetan musika jartzeaz gain, bi kontzertu eskainiko ditu Oñatiko Musika Bandak jaietan. bata, San Migel Egunean eta, bigarrena, Errosarixo Egunean; egun horretan, Sorotan Beleko lau kiderekin batera egingo dute kontzertua.

San Migel eta Errosarixo jaietako protagonista ezinbestekoa da Oñatiko Musika Banda. Jaien bueltan lau emanaldi egiten dituzte urtero. Lehenengo biak, danborradak: umeena eta baita nagusiena. Horiez gain, beste bi kontzertu berezi. Aurten ere, ohiturari eutsiko diote, San Migel Egunean eta Errosarixo Egunean emanaldiak eskainiz.

San Migel Egunean, irailaren 29an, herriko plazan egingo du kontzertua, 13:00etan. "Iaz plazako eszenatoki gainean egin genuen kontzertua lehenengoz eta aurten ere, halaxe egingo dugu", dio Aitor Biain Bidarte zuzendariak. Urtean zehar landutako errepertorioaren lagin bat aurkeztuko dute eta hasi, egunak eskatzen duen moduan, San Migel ereserkiarekin egingo dute. Ondoren, filmetako soinu bandetako piezak eta pop musika ere joko dituzte. The Lion King, West Side Story, In The Shadow of Napoleon, Chanson de amour eta gehiago. Kontzertuaren aurretik, kalejira egingo da herriko kaleetan barrena eta hori ere berezia izango da, Aita Madina Txistulari Taldearekin batera egingo dutelako.

Sorotan Bele gogoan

Errosarixo Eguneko kontzertua, formatu berezian eskainiko du Biainek zuzentzen duen Oñatiko Bandak. Sorotan Bele gogoan kontzertua eskainiko baitute, 23:00etan. "Duela pare bat urtetik dihardugu beste eragile batzuekin proiektuak garatzen eta hor kokatzen dugu proiektu hau. Zarauzko konposatzaile Xabier Zabalak hainbat proiektu ditu bandarako eta horien artean zegoen Sorotan Bele gogoan kontzertua. Iruditu zitzaigun proposamen interesgarria izan zitekeela jaien bueltan egiteko", dio Biainek. Banda ikusi ohi dugun formatutik aldentzen da proposamena, gauez eta erromeria estilora egingo delako. Oñatiko Bandak lagun izango ditu Sorotan Beleko lau kide: Gorka Sarriegi, Urbil Artola, Ritxi Salaberria eta Aitor Etxaniz. Bi taldeen arteko sinergiak batzeak oso emaitza musikal interesgarria ekarriko duela dio Biainek. "Oso moldaketa politak egin ditu Xabier Zabalak".

Errepertorioari dagokionez, batez ere, Sorotan Beleren lehenengo diskoko abestiak eskainiko dituzte. Marinelaren zain, Arratsalde honetan, Sing Sing-atiko folk&rolla eta gehiago. "Zeinek ez du ezagutzen Sorotan Bele. 1990eko hamarkada bizi izan dugunok ezagutu dugu eta gaur egun ere badira irratian, zein erromerietan entzuten diren piezak". Eta, hain justu, horiek dira kontzertuan eskainiko diren abestiak. Ordu eta 20 minutu inguruko kontzertua izango da, bideoak ere erabiliko dira lehengo Sorotan Beleren garaiak gogoratzeko, azken finean, "tributu erako bat izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak