Auzoetako jai batzordeak elkarren artean lehiatuko dira lehendabizikoz Oñatiko jaietan. Bihar, zapatuan, batzorde ezberdinetako kideak Olarako kantxan elkartuko dira, eta 11:00etatik aurrera, egun osoko egitarau batez gozatzeko aukera izango dute. Antolakuntzako kideek auzoetako batzordekideak animatu dituzte haien "kamiseta, zapi eta bestelakoak ekartzera"; horretaz gain, pertsonaia bereziren bat duten batzordeei ere hura ekartzeko gonbita egin die.
"Txosnako batzordean izandako ideia zaparrada batetik" sortu zen Auzolinpiadak antolatzeko ideia. Gainera antolakuntzak adierazi du, "auzo batzuetan antolakuntzan laguntzeko jendea batzea behar dutela ikusita, kide berriak ezagutu, batzordeetara batu eta egunaz gozatzeko helburuarekin" ere antolatu dutela ekimen hau. Ia auzo guztiek izango dute ordezkaritza Auzolinpiadetan eta hori da ekimenak izan duen arrakastaren erakuslea; hala ere, antolakuntzak espero ez zuen zerbait izan da: "Ez genuen espero horrenbeste jendek parte hartzea. Gainera, jendea oso gogotsu dago; batzuek bideoa ere egin dute".
Auzoetan zehar arituko dira
Eguna Olarako kantxan hasiko badute ere, ekintzak herriko auzoetan zehar egiteko asmoa dute antolakuntzako kideek: "Auzo guztietatik igarotzeko aukera izango ez dugun arren, ahalik eta gehienetan izateko ibilbidea antolatu dugu". Ez dute nahi izan ekintzen inguruan gauza handirik aurreratzea antolakuntzako kideek, hala ere, adierazi dute "betiko jolasak izan direnak eta Olinpiar Jokoetan jokatu izan diren kirolekin harremana duten jokoak" izango direla, eta saiatu direla "auzoetako gai ezberdinekin lotzen" joko ezberdin horiek.
Bazkaria eta gerokoak
Eguerdian bazkaria izango da txosnagunean eta bi aukera izango dira eskuragarri: beganoa eta arrunta. Jatekoaz gain txosnetako kamiseta bat ere jasoko dute bertaratuko direnek. Bazkariaren ostean poteo girotuaren ordua izango da. Bertan, auzoetako batzordeek Oñatiko kaleak girotzeko aukera izango dute oholtza eramangarri baten gainean DJ lanak eginez. Horretarako, batzorde bakoitzak ordu erdi inguru iraungo duen abesti zerrenda bat prestatu beharko du.
Gauean, kontzertuak
Arratsaldeko poteoarekin amaitu ostean, 22:00etan hasiko dira kontzertuak txosnagunean. Antolakuntzako kideek lau kontzertu iragarri dituzte txosnaguneko egitarauan: Tatta, Mutiko eta Denso; Huntza, Xutik eta Kalipotxo izango dira.