Hitzordu garrantzitsuak izango dituzte pilotazaleek 2023ko Oñatiko jaietan, Herriko Pilota Txapelketako gazte mailako eta 23 urtez azpikoen mailako finalak eta San Migel Txapelketako emakumezkoen eta gizonezkoen finalak –ostean, pilotari ohiak– jokatuko baitira bihar eta urriaren 1ean, hurrenez hurren.
Debagoiendar bakarra
San Migel Txapelketako finalean Debagoieneko ordezkaritza bakarra Erlerena izango da. Ander Etxaniz bergararrak, Gabirondorekin bikotea osatuz, 22 eta 15 galdu zuen martitzenean finalerdietako partida Oskoz-Oliden bikotearen aurka. Iñigo Erle oñatiarrak Igoa aurrelariarekin batera, 22 eta 8 irabazi zuten Altuna-Landa bikotearen aurkako partiduan, eta, horrela, finalerako txartela lortu zuten.
Mikel Goñik jokatuko du
Herriko Txapelketako finalen aurretik bazkaria egongo da Nekazarien Elkartean eta, ostean, partiduak jokatuko dira. Emakumezkoen finala Aran-Jone eta June-Ohiane bikoteek jokatuko dute; gizonezkoen finala, berriz, Biain-Barrena eta Amilleta-Eneko bikoteen artekoa izango da. Txapelketako garaikurrak nortzuk eramango dituzten erabaki ostean, pilotari ohien arteko partidua jokatuko da. Hasiera baten, Goñi II Urruzola eta Urmeneta-Pascual bikoteek jokatu behar zuten partidua, baina, azken honen ordez Iñigo Erle oñatiarrak jokatuko du Goñi II-rekin, antolatzaileei "herritar batek jokatzea ideia oso ona" iruditu baitzaie.
Gainerako kirol ekitaldiak
Irailaren 24an, domekan, Herriko Bola-joko Txapelketa antolatuko dute Kurtzebaltz elkarteko kideek San Martineko ermitaren alboan; 15:30ean hasiko da txapelketa. San Migel egunean, hilaren 29an, herri mailako Plater Tiroketa Txapelketa izango da, Txopekua tiro-zelaian, Pago Uso elkartearen eskutik. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da armak edukitzeko baimena eta ehiza federazioaren lizentzia izatea. Izen-emate epea irekita egongo da txapelketan zehar –11:00etatik 17:00etara– eta hogei euro ordaindu beharko ditu parte hartu nahi duenak. Amaitzeko, Errosarixo Egunean, urriaren 1ean, Arku Tiroketa erakustaldia egongo da, San Martin zuhaiztian, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 19:00etara bitartean Txantxiku Arkulariak taldeak antolatuta.