Badator konpartsa txikiaren egun handia

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 22a, 14:00

Bi erraldoi berriak, erabiliko dituzten haurrak eta Xabier Mendizabal. Argazkia: Iñigo Barrena.

Biharko konpartsen egunaren barruan, konpartsa txikiaren aurkezpena eta bi erraldoi berriak aurkeztuko dituzte eguerdian (12:00). Xabier Mendizabal eta Joanes Diez izan dira, korpuseko dantzariak irudikatuko dituzten pertsonaia berriak egin dituztenak

Oñatiko erraldoien konpartsak familia handitzen jarraitzen du. Iaz, jada ezagunak ziren erraldoiei, Xabier Mendizabalek egindako Sebastian erraldoia batu zitzaien, eta, aurten, konpartsa txikiaren barruan, bi erraldoi aurkeztuko dituzte, bihar egingo duten konpartsen egunean. Maiatzean ekin zioten prozesuari, herriko gaztetxoenei zer-nolako erraldoiak gurako lituzketen galdetuz. Behin erabakia hartutakoan, Xabier Mendizabalekin eta Joanes Diezekin jarri ziren harremanetan, erraldoi ertain berri hauek jaietarako prest izateko. Umeek eurek eramateko moduko erraldoiak egitea eta konpartsa horren atzean egongo den taldea sortzea da ideia, eta, hasteko, bi egin dituzte; Udalaren asmoa, ordea, guztira lau egitea da.

Dantzariak, bikote berria

Momentuz bi erraldoi berri egin dituzte eta gaztetxoekin egindako prozesu parte-hartzailean, ideia guztien gainetik gailendu zen, lehen bi erraldoiak, herrian famatuak diren Korpusetako dantzariak izatea. Oñatiko herria ederki irudikatzen dituzten bi pertsonaia dira hauek. Behin amaituta, irudia ederra da, baina denboraren aurka aritu dira Joanes Diez eta Xabier Mendizabal, erraldoiak biharko prest izateko. Era berean, pozik daude erraldoien familia handitzen doalako eta gaztetxoenen artean erraldoiekiko afizioa ere geroz eta handiagoa delako. Gainera, estreinaldirako entseguak egin dituzten azken egun hauetan, pisua kontrolatzeko, mugimenduak ere ikasteko eta kalejiran zehar ere behar bezala dantza egiteko; bihar dena ondo irteteko asmotan.

Aurkezpena, bihar

Aurkezpen ekitaldia bihar egingo dute konpartsen egunaren barruan. Kanpantxo Kultura Elkarteak antolatuta, urtero bezala, herriko kaleak erraldoi eta txorimaloekin beteko dira, goizean hasi eta iluntzera bitartean. Aurten, Oñatiko erraldoiez gain, Barañaindik etorritakoak izango dira bisitari. Hasiera batean, berritasuna kanpotik etorritakoak izango badira ere, bihar konpartsa txikiko bi erraldoien aurkezpenak bereganatuko ditu herritarren begirada guztiak. Kalejira goizeko 11:30ean Kanpantxon hasiko dute eta konpartsa guztiak batera plazara gerturatzen joango dira dultzainero eta txistularien eskutik. Une bereziena, ordea, eguerdiko 12:00etan plazan izango da, orduan aurkeztuko dituztelako familiako azken bi kideak. "Aurkezpenari indarra eman nahi izan diogu, zerbait ezberdina egin nahi genuen aurkezpenerako" dio Mikel Urrutiak, Kanpantxo Kultura Elkarteko kideak. Behin aurkezpena eginda kalejirarekin jarraituko dute guztiak batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak