Haurrei zuzendutako ekintzak ere badatoz jaietako egitarauan. Horien artean, adibidez, Eidabe taldeak ekarriko duen Gora bihotzak! ikuskizuna. Hilaren 28an eskainiko dute, txantxikuaren jaitsieraren aurretik, 18:00etan, Foruen plazan.
Umeendako eta familiendako
Eidabe proiektuaren barruan sartu zituzten ekimen kulturalak Euskal Herriko elkarte ezberdinetako kideek. Ume zein gazte antzerkian eta animazioan espezializatu dira eta gazteen unibertsora moldatzen dute euren sormena, "mugarik gabeko irudimena". Umeei eta familiei zuzendutako antzerkigintza landu dute eta "kezka hezitzaile eta sozialak" hartzen dituzte ardatz euren antzezlanetan.
Oñatira Gora bihotzak! antzezlanarekin datoz, "haurren eta gazteen garapen integralari lagunduko dion orientazio didaktikoarekin, beste lanetan bezala".
Jolas parkea eta barrakak
Urtero bezala, bestalde, haurrendako jolas parkea ere muntatuko dute aurten. Irailaren 29an eta urriaren 1ean izango da hori, goizean eta arratsaldean. Etxaluzeko parkean jarriko dituzte puzgarriak eta bestelako jolasak eguraldi onarekin, eta kiroldegian, txarrarekin. Horrez gain, barrakak ere ekarri dituzte. Errosarixo egunean, soinu ekipoak eta sirenak itzali egingo dituzte bi orduz, 17:00etatik 19:00etara, aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoendako, domekan egin zuten bezala.