Unai Cueva: "Ez nuen espero, oso amaiera polita izan da"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 22a, 12:00

Unai Cueva Arregiko maldan gora, bere azken lasterketan. Argazkia: Unai Cueva.

Zapatuan eman zituen azken pedalkadak txirrindulari moduan, hain zuzen etxeko lasterketan, bere familia eta lagunak alboan zituela. Erraz ahaztuko ez duen eguna

Unai Cueva (Oñati, 2002), zapatuan jarri zen azkenekoz bizikleta gainean. Egun gogoangarria igarota, berekin izan gara.

Nola doaz txirrindularitza utzi eta lehen egunak?

Denboraldiko erritmo altutik gatoz eta ez da ona kolpera dena uztea, eta, poliki poliki erritmo hori jaisten aritu naiz egun hauetan, baina Buru aldetik, berriz, askoz lasaiago nago.

Larunbatean bizitakoa, ez duzu erraz ahaztuko ezta?

Noski ezetz. Lagunek sekulako sorpresa prestatu zidaten eta oso polita izan zen herrian horrela agur esatea.

Horrelako amaiera izatea espero zenuen?

Ez nuen espero inondik inora ere. Norbait lasterketa ikusten egongo zela banekien, baina hainbeste lagun egotea, pankartarekin, bozgorailuarekin, lurrean pintaketak eginda...ez nuen espero eta oso polita izan zen.

Unai Cueva Arregiko aldapan lagunen animoak jasotzen. Argazkia: Unai Cueva

Lagunak gainera kalean dituzu itxaroten eta jaiak datoz orain...

(Barrez) Bai, denboraldian zehar ezin izan dut lagunekin askorik egon eta festa gutxi egiteko aukera izan dut. Orain, bizikleta utzita, gehiago gozatzeko aukera iritsi da. Jaiena ere aspaldi begiratu nuen, ea libre egongo nintzen edo ez eta libre nagoenez, sekulako gogoa dut jaietarako.

Zergatik hartu duzu txirrindularitza uzteko erabakia?

Bi denboraldi egin ditut kostatu egin zaizkidanak. Iaz gustora aritu nintzen, baina amaiera gogorra egin zitzaidan. Dena dela, beste urte bat jarraitzea erabaki nuen, baina aurten, aurredenboralidan gaixorik aritu nintzen, eta, ondoren, erritmoa hartzea ere oso zaila egin zitzaidan. Honen ondorioz, lasterketetara joateko motibazioa ere jaitsi egin zen, eta, gainera, entrenamenduetan zein lehiaketan motibazio falta izate nuen. Horregatik erabaki nuen uztea.

Zer eman dizu txirrindularitzak?

Gauza asko ikasi ditut. Txirrindularitzan talde lana oso garrantzitsua da eta hemen nola aritu ikasi dut. Bakarrik sufritzen ere ikasi dut, eta, horrekin batera, nire gorputza eta burua ezinhobeto ezagutzen lagun dit, nire mugak non dauden jakiteko. Era berean, txirrindularitzaren estrategia ere nolakoa den ondo ikasi dut.

Zer da zure ibilbidetik eramango duzuna?

Batez ere ezagutu dudan jende guztiarekin gelditzen naiz, oso harreman onak egin ditut. Tropelean aurkariak izan gara, baina hortik kanpo lagunak. Era berean, txirrindularitzak ematen dizkizun baloreak eramaten ditut.

Ze harreman izango duzu aurrerantzean txirrindularitzarekin?

Txirrindularitzarekin gozatzen jarraituko dut, baina, beste modu batera. Orain arte buruan izan dut lau orduko entrenamendua egin behar nuela, agian gogorik ere ez nuenean. Orain nahi dudan ordu kopurua eta itzulia egingo ditut lagunekin batera. Nola ez, lasterketetara ere joango naiz animatzera eta beharra baldin badago laguntzera ere

Gazteei zuk ikasitakoa erakusten saiatuko zara?

Neu gazteagoa nintzenean oso gustora egon nintzen niri laguntzen aritu zirenekin eta orain guri dagokigu errelebo hori hartzea eta txikienei laguntzea.

Txirrindularitza oso sakrifikatua da. Zer esango zenioke zalantzak dituzten gazteei?

Beti daudela une gozoak eta gogorrak, eta, bai batean zein bestean mentalki gogorra izaten saiatu behar dutela.

Norbaiti azken mezu bat utzi nahi diozu?

Bai, eskerrak eman nahi dizkiet aukera eman didaten bi taldeei, bertako langileei eta nirekin tropelean egon diren lagun guztieei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak