Zumaiako triatloian lehiatuko dira zapatuan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 15a, 08:56

Antxintxika-Lana sail egokituko Igartua, Odriozola eta Azkarate, taldeko niki urdinak jantzita.

Joseba Azkaratek badu iazko esperientzia baina Iñaki Igartuarendako eta Josune Odriozolarendako lehen triatloia izango da. 15:45ean hasiko da lasterketa, uretako probarekin, eta animatzera joatea gonbidatu gura ditu herritarrak Antxintxika-Lana taldeak.

Zazpi kirolarik hartuko dute parte bihar Zumaian egingo den Super Sprint triatloiko egokituen kategorian eta horietatik hiru dira oñatiarrak: Joseba Azkarate Lazkanoiturburu, Iñaki Igartua Loidi eta Josune Odriozola Zubia. Hirurak Antxintxika-Lana taldeko sail egokituko kideak.

Bakoitzak bere lasterketa

Talde bereko kirolariak hirurak, baina bakoitzak bere proba egin beharko du zapatu arratsaldean, bakoitzak bere indarrak jarri beharko ditu proban lasterketan, ahalik eta ondoen amaitzeko. Azkaratek badu joan den urteko esperientzia, baina Igartuarendako eta Odriozolarendako lehendabiziko triatloia izango da. "Hiru kide hauetako bakoitzak bere berezitasunak ditu baina horietara egokituta dituzten bizikletak eta aulkiak eramango dituzte eta lasterketa ondo egiteko moduan daude hirurak", dio, zalantzarik gabe, Antxintxika-Lana taldeko Aitor Rementeriak. "Laugarren bat ere etortzekoa zen, Alfonso, baina ez dago bere sasoirik onenean eta azkenean parte ez hartzea erabaki du. Ikusle moduan egongo da, animatzen".

Zumaiara irteera egin zuten duela pare bat hilabete triatloia nondik nora izango den ikusteko eta entrenamenduetan lana egin dute zapatuko proba ondo bukatzeko. "Zumaian egingo ditugun distantziak baino luzeagoak egiten ditut, normalean, entrenamenduetan eta alde horretatik trankil noa. Badakit egiteko gauza naizela. Denborari begiratu barik, helburua ondo bukatzea da, disfrutatzea", dio Igartuak.

Bizikleta eta aulki egokituekin

Uretako probarekin hasiko dute triatloi herrikoia, 15:45ean. 375 metro egingo dituzte igerian, hamar kilometro korrikako zatian gero eta beste bi kilometro eta erdi bizikleta gainekoan proba amaitzeko. Odriozolak, esaterako, ez du inongo arazorik igerian eta korrika egiteko. Bizikleta du berezia. Besoan eta bizkarrean du lesioa eta eskulekua du egokituta bere bizikletak, ondo frenatu ahal izateko eta abiadura-aldagailua ondo erabiltzeko. "Igartuak eta Azkaratek lesio ezberdinak dituzte eta bakoitzak bere beharretara ditu egokituta aulkiak. Tokatzen den aulkietan egingo dituzte korrikako eta bizikletako probak. Igerian, berriz, Azkaratek atzeraka egingo du, arnasketa hobeto kontrolatzeko, eta ohikoan Igartuak", zehaztu du Rementeriak.

Eskaera ere bai

Rementeriak gaineratu du oraindik ez dutela lortu tetraplejikoen kategoria sortzea. "Ari gara, baina federazioak ez du oraindik onartu kategoria hori. Zumaiako triatloian ere, adibidez, kategoria berean, paraplejikoenean, lehiatuko dira Igartua eta Azkarate, eta ez da egokiena. Bata eta bestearen egoerak ez dira berdinak eta Azkaratek, beste behin, desabantailak izango ditu. Indarra alde batera utzita, adibidez, ez dute gaitasun bera gurpilari heltzeko, horrek esan nahi duenarekin".

Bikoteka Zarautzen

Bestalde, urriaren 24an bikote mistoko triatloia egingo dute Zarautzen eta Josune Odriozolak eta Unai Rementeriak hartuko dute parte elkarrekin. "Bikote mistoa da, eta bietako bat talde egokituko kidea. Horrela izatea gura genuen, beste behin ikusgarritasuna emateko. Ezaugarri hori duen bikote bakarra izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak