Legazpiko Artzain Eguna aprobetxatuz egin zuten atzo arratsaldez, Gipuzkoako 54. Artzain Txakur Txapelketa. Bi debagoiendar izan ziren lehian, eta, hain zuzen, Miguel Arregi oñatiarraren Lagun izan zen garaile. Atzoko garaipenarekin, datorren astean Garain jokatuko den Euskal Herriko Txapelketarako, eta, hilaren 24an, Oñatin jokatuko den Nazioarteko txapelketarako txartela eskuratu zituen.
Urtatza zelaian egin zuten proba eta guztira zazpi txakur izan ziren lehian. Lehen txandatik soilik hiruk egin zuten aurrera, eta, tartean ziren Arregiren Lagun eta baita Bengoa oñatiarraren Zeu. Azken txandan, Lagun izan zen eskortan artaldea sartzea lortu zuen bakarra, eta, ondorioz, Oñatira eraman zuen txapela. Bigarren postua Jabier Zubiaurre mutrikuarraren Mendi txakurrarentzat izan zen, eta hirugarrena, Jose Mari Bengoa oñatiarraren Zeu-rentzat.
Modu honetara, lehen hiru sailkatuek, datorren astean Garain jokatuko den Euskal Herriko Txapelketan Gipuzkoa ordezkatuko dute.