Udalak partikularrei, landa bideak asfaltatu edo hormigoitzeko material erosi eta garraiatzeko ematen dien diru laguntzak jasotzeko hiru eskaera batu dituzte aurten udal bulegoetan. Hiru eskaerek aurrekontu orokorra aurkeztu dute, materiala eskuratu eta garraiorako gastua berezitu gabe. Hori dela eta, kalkulua Ebaluazio batzordeak egin du, hormigoiaren eta harrobiko materialaren merkatuko prezioaren arabera.
Era berean, oinarrietan jasota dauden bi irizpide nagusiak aplikatu dira: baserriaren nekazaritza jarduera, batetik, eta baserriaren eta hirigunearen arteko distantzia; hiru eskaerek puntuazio bera izan dute. Eskaerak bere osotasunean laguntzeko, dagoena baino diru gehiago behar da, eta, beraz, proportzioan banatzea erabaki du udalak, 30.000 euroko partida amaitu arte.
Lehen zatia orain jasoko dute, eta gainonztekoa, lanak amaitu eta ordainagiriak aurkeztutakoan. Obrak urte amaierarako eginda egon beharko dira.
Udalak 2014. urtean ekin zion landa bideak hormigoitzeko dirulaguntzak emateari. Hasieran, aipaturiko diru laguntza, baserri bideei zuzenduta bazegoen ere, 2017az geroztik, lehentasunezko nekazaritza ustialekuetarako bideak hobetzeko laguntzak ematea ere onartu zen.