Aritz Garmendiaren lekukoa hartuko du Gotzon Urzelaiek eta bera eseriko da Aloña Mendiko aulkian datorren denboraldian. 2016. urtetik 2018. urtera bitartean izan zen bergararra Aloñako entrenatzailea, eta zuzendaritzak harenganako konfiantza erakutsi du, berriro ere, datorren denboraldi garrantzitsura begira. Bergararren laguntzaile lanetan arituko da Asier Ugarte, Aloña Mendiko jokalari ohia.
Ilusioz jositako denboraldia
Talde gaztea izango du esku artean Urzelaik datorren denboraldira begira, baina jokalari askoren gaztetasuna eta dagoeneko urte batzuk daramatzaten jokalarien eskarmentua ondo baliatzen saiatuko da talde txantxikuarra, berriro ere, ilusioz beteriko denboraldi honi aurre egiteko.