Ez da denboraldi erraza izan amaitu berri dena Mekalki Aloña Mendirentzat. Hasiera kaxkar batek baldintzatuta, atzetik aurrera lan egitea tokatu behar izan zaio Aitor Ugartek zuzentzen duen taldeari. Lesioak eta arrazoi pertsonalak medio, denboraldi erdira arte ezin izan dira talde osoarekin lehiatu; behin arazo horiek pasata, bigarren itzuli ona osatu dute txantxikuarrek, baina ez da nahikoa izan igoerako play-off-a jokatzeko.
Kirolak, baina, bigarren aukera bat eman dio saskibaloi saileko talde gorenari, denboraldi hasieran finkatutako helburua, kantxan ez bada ere, bete
egin dutelako. Igoera lortu eta mailaz igotzeko aukerari uko egin dion talde baten hutsunea betetzeko eskaintza jaso zuten saskibaloi sailean; txantxikuarrek erronka onartu eta Euskadiko Txapelketako Bigarren Mailan jokatuko dute datorren denboraldian. "Proposamena jasota, bilera bat egin genuen, taldea aurrerapauso hori emateko prest zegoen edo ez jakiteko. Azkenean, erronka onartzea erabaki dugu", dio Aitor Ugarte entrenatzaileak. Iaz galdu zuten maila, eta helburua lehenbailehen galdutako kategoriara itzultzea zen; helburua bete du Ugarteren taldeak.
Maila berria, ilusio berriak
Igoera lortzeak ilusioa pizten du edozein kiroletan eta taldetan, eta Aloña Mendikoak ere indarberrituta iritsiko dira denboraldi hasiera berrira. Nahiz eta joko maila handiagoa erakutsi beharko duten, Ugarterenak prest daude konpromiso handiagoa hartu eta azken urteetan Euskadiko Txapelketako Bigarren Mailan erakutsi zuten lehiakortasuna berreskuratzeko. "Kirol arloari dagokionez, Euskadi mailan arituko gara eta zailtasunak gora egingo du. Dena dela, kantxa handiagoetan bi epailerekin eta 24 segundorekin jokatuko dugu, eta horrek taldeari ilusio berezia egiten dio. Gainera, esango nuke joko aldetik ere hobeto etorriko zaigula maila honetan aritzea", adierazi du Aitor Ugartek.
Bergarak ere bide bera
Mahoneroek ere Aloña Mendiren bide bera erabili dute mailaz igotzeko. Bergararrek bai jokatu zuten play-off-a, baina ez zuten igoera lortzerik izan; kolpe latza, zalantzarik gabe. Denboraldia amaituta, bulegoetan eskaintza jaso zuten eta haiek ere erronka onartzea erabaki dute. Aurten gertatu bezala, bi derbi izango dira Aloña Mendiren eta BKEren artean 2023-2024ko denboraldian.