Ibilbide bustiak zaildu egin du aurtengo Kantoikrit

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 16a, 11:13

Piñoi finkoaren zailtasuna areagotu egin dute bart euriak eta ibilbide bustiak. Edozelan ere, ikuskizun bikaina eskaini dute txirrindulariek. Gizonezkoetan, Javi Mateos sevillarra izan da onena eta Mikel Olalde oñatiarra sailkatu da bigarren. Emakumezkoetan, Barcelona taldeko hiru ordezkarik osatu dute podiuma eta Sanjhoy Beltran izan da azkarrena.

22:00etan hasi zuten proba, euritan. "21:30ean itxi genuen ibilbidea eta 21:25ean euria hasi zuen. Beraz, sikuan eta azkar egiten den proba arrisku eta arazo gehiago izatera pasa zen", azaldu du Iñigo Idigorasek, antolakuntza taldeko kideak. Horren ondorioz, eroriko batzuk ere egon ziren. "Berotzen dagoeneko batzuk lurretik bueltaka ibili ziren eta lasterketan bertan ere bai, bereziki Portu kalean eta Kale Zaharrean, ibilbide aldaketaren lekuan. Dena dela, balorazio positiboa egiten dugu", gaineratu du.

Euriak euri, Oñatiko kaleak bete egin ziren eta horri ere balioa eman diote antolatzaileek. "Proba polita izaten da, herritarrentzat atsegina ikusteko, eta ikusi da kaleak bete egin zituztela herritarrek", nabarmendu du Idigorasek.

Lasterketari dagokionez, gizonezkoen sailkapenean Javi Mateos sevillarra izan zen nagusi (00:40:04) eta iaz proba irabazi zuen Mikel Olalde oñatiarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen (00:40:08). Gerard Saltor bartzelonarra sartu zen hirugarren helmugan (00:40:10).

Mikel Olalde, Javi Mateos eta Gerard Saltor.

Mikel Olalde, oñatiar onena. Saioa Arkonada zinegotziak eman zion saria.

Aurtengo berrikuntza emakumezkoen sailkapena izan da eta bost emakumek hartu dute parte. Barcelona taldeko Sanjhoy Beltran, Maria Orrego eta Wendy Dayan Patiño izan ziren hiru onenak, nahiz eta ez zuten proba bukatzerik izan. Izan ere, araudiaren arabera, hamabost itzuli zituen probak eta lehenengoek doblatu ezkero, lasterketatik kanporatuta geratzen ziren ziklistak. 

Maria Orrego, Sanjhoy Beltran eta Wendy Dayan Patiño.

Bost emakumezko lasterketan egon izana positiboki baloratu dute antolatzaileek, nahiz eta  datozen ekitaldietara begira "landu beharreko puntu" bat izango dela aitortu, "egonkortu dadin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak