Espainiako Gorteetako hauteskundeetan EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia da Maialen Urzelai oñatiarra eta herritarren aurrean egin du berba gaur. "Gehiago nahi dugu eta gehiago behar dugu", azaldu du eta EH Bilduren morrontzarik eza nabarmendu du. "Guk erabakiak hartu ahal izateko askatasun osoa dugu; izan ere, guk ez dugu eliteen aurrean justifikatzeko beharrik, eskuak erabat libre ditugu erabakiak hartzeko. Ez diogu erantzuten eta ez diogu leialtasunik zor Espainiako ezen gobernu edo alderdiri. Ez diogu inori ezer zor eta ez dugu trukean ezer espero. Horregatik, ez dugu sekula hutsik egingo erabakiak hartzeko orduan".
Gaineratu du erabakiak hartzeko gehiago izatea ezinbestekoa dela eta Gipuzkoak hirugarren diputatua lortu behar duela. "Maiatzaren 28an demostratu zen herri honetan gero eta gehiago direla EH Bildurekin bat egiten duten herritarrak eta berriz ere irabaziko dugu. Madrilen euskal herritarren ahots aurrerakoi, feminista eta independentista izango gara, eta ni neu ere horretan ahaleginduko naiz. Ez dugu hutsik egingo".
Gipuzkoa "garrantzitsua"
Gaurko agerraldian Oñatiko EH Bilduko ordezkariez gainera Gipuzkoako batzarkide eta EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriarte izan du ondoan Urzelaik. "Berriz ere Gipuzkoa garrantzitsua izango da eta berriz ere irabazi egin behar dugu Gipuzkoan Maialen Madril aldera bidaltzeko bere ekarpena egin dezan", esan du. Azpimarratu du garrantzitsua dela EH Bildu Madrilen indartsu egotea "ultra-eskuinari, eskuinari eta faxismoaren aurrera egiteko. Han egon behar dugu, lekua okupatu behar dugu eta gehiago izan behar dugu".
Iriartek gogora ekarri du gaur betetzen direla 25 urte Egin eta Egin Irratia itxi zituztela. "Europan ez da horrelakorik gertatu; poliziak edo estatuak hedabideak ixtea eta ezer ez gertatzea (...) Horretarako goaz Madrilera, jendearen bizitzak hobetzeko eta estatu honi aurre egiteko".
Euskararekin lotutako azken egunetako epaiak ere hizpide izan ditu Iriartek. "Horrelakoen aurrean herri gisa erantzun behar dugu eta EH Bildutik egingo dugu ezkerretik, feminismotik, lurra zainduz, hona bizitzera etortzen diren gizon-emakume guztiekin, kalean ikusten ditugun aldarrikapenekin bat eginez, erakundeetan...". Uztailaren 23ko hauteskundeetan EH Bildu babesteko eskatu du.