Handia egin du, beste behin, Malen Osa korrikalari oñatiarrak. Lehenengo aldia zuen Dolomitetan jokatzen den mendi lasterketa ospetsuan, eta lehen lerroko lasterkariekin lehiatu bada ere laugarren sartu da helmugan. Bere denbora: 02:31:54.
Judith Wyder suitzarra izan da azkarrena (02:24:24). Hainbat lesio tarteko iaz lehiatik kanpo egon zen eta itzulera ikusgarria egin du Wyderrek. Sophiz Laukli estatubatuarra (02:26:54) eta Karina Carsolio mexikarra (02:28:47) sartu dira hurrengo helmugan. Gauzak horrela Malen Osa podiumetik 24 segundora gelditu da. "Kostako zait laino honetatik jaistea... Esker hitzak besterik ez. Hau posible egiten duzuen denei: gaurkoa zuengatik eta zuendako", azaldu du sare sozialetan.
Gizonezkoen lasterketan Elhousine El Azzaoui marokoarra izan da azkarrena. Bere denbora: 02:04:39.