Gozoa elkarteak egin du txokolatezko bale-txalupa eta Oñatin dago ikusgai, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan. San Juan bale-ontzi euskaldunaren txaluparen erreplika da, haren tamaina berdina du: zortzi metro luze eta bi metro zabal. Tamainagatik, artxiboaren sotoan dago ikusgai.
Hogei urtez aritu zen Selma Huxley ikertzailea artxibo horretako dokumentuak ikertzen, Euskal Herria, Ternua eta baleak lotzen dituzten dokumentuak aztertzen. Horregatik, Oñatiko Udalak garbi ikusi zuen txokolatezko bale-txalupa horrek ba zuela tokia Oñatin, eta horren eskaera egiten lehena izan zen, duela bi urte txokolatezko Gernika koadroa ekarri zutenean bezala.
Abuztuaren 4ra arte egongo da txokolatezko eskultura hau ikusgai. Bisita gidatuak egiten dituzte, bai Txokolateixan bai Turismo Bulegoan dauden gidarien eskutik, baina komeni da aurrez izena ematea. Bisita denak artxibotik abiatuko dira:
- 12:00etan, egunero, Kakaoaren ibilbidea izeneko bisita. Txokolatearen bitxikeriak, jatorriak, ezaugarriak eta txokolatearen eta azukrearen arteko desberdintasunak kontatuko dituzte. Izena emateko bidea: 605 76 35 95
- 13:00etan, astelehenetik egubakoitzera, Turismo Bulegoko gidariekin, historiari lotutako bisitak: 943 78 34 53
Gaur eta bihar, abuztuaren 2an eta 3an, norberaren kasa ere joan daiteke ikustera, bisita gidatu barik, 18:00etatik 20:00etara.