Zubikoan jokatutako igoera fasean arabarrak eta bizkaitarrak mendean hartzea ez da nahikoa izan Aloña Mendiko Ingou Coinbroker taldearendako. Ez dira Euskal Ligara igoko. Hori adierazi diete Gipuzkoako Federazioko ordezkariek, eta, albistea dagoeneko barneratu badute ere, saileko presidente Santi Bernal minduta dago Euskadiko Federazioarekin: "Ez dakigu gaizki-ulertua izan den edo zer, baina Euskal Federaziotik oraindik ez dugu jakinarazpenik jaso, ez mezurik eta ez posta elektronikorik ere; ezer ere ez". Klubak Euskal Ligarako igoera fasea Zubikoan antolatzea onartu zuen –Gipuzkoari tokatzen zitzaion–, eta fasea irabazita uste zuten igoera txartela poltsikoan zutela. "Halaxe egin genituen, gainera, ospakizunak. Baina, antza, nahiz eta azken urteotan Euskal Ligan urtero egon den hiruko torneoko irabazlearendako tokia, esan digute aurten ez dagoela bete gabeko plazarik".
Noski, afera horrek ez du eragina talde bakarrean soilik izan. "Gipuzkoan beste bi talde daude, guk utzitako hutsunea betetzeko mailaz igo behar zutenak. Eta orain, haiek ere zeuden tokian geratuko dira. Pena da, jokalariek sekulako lana egin dutelako aurten eta ilusio handia zutelako Euskal Ligan jokatzeko", adierazi du Bernalek.
Jokalarien jarrera txalotu du
Bernalek jokalarien jarrera txalotu du: "Eurak izan dira zuzendaritzakoak lasaitzen ibili direnak. Motibatuta daudela esan digute, eta datorren urtean saiatuko direla mailaz igotzen. Igoera fasean ikusi dute Euskal Ligan jarduteko kapaz direla".