Gimnasia erritmikoko campusa antolatu dute

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko uzt. 7a, 12:27

ikasturtea hasi aurretik egingo da, abuztuaren 31tik irailaren 6ra bitartean, LHko 4. mailako ikasleak eta zaharragoak direnekin. Lehenengo aldiz antolatu dute eta helburua da gimnasia erritmikoa ezagutzea, probatzea eta kirolarekin gozatzea

Resu Muruak presidente kargua utzi ostean, duela hilabete batzuk zuzendaritza batzorde berria eratu zen gimnasia erritmikoko sailean. Gogotsu eta ilusioz agertu ziren orduan GOIENAri emandako elkarrizketan. Aire freskoa sartzeko beharra ikusi zuten, eta, aldi berean, proiektu berriak martxan jartzekoa; horren adibide da lehenengoz antolatu duten gimnasia erritmikoko campusa. "Zuzendaritza berria sartu zenean proiektu berriak egiteko asmoa azaldu zuten bertako kideek, eta hau horren adibide garbia da. Etorkizunera begira proiektu gehiago egiteko asmoa ere badugu", dio Lide Osinagak gimnasia erritmikoko kirol arduradunak.

Berezitasun moduan, campusak egin ohi diren datetatik kanpo izango da, ikasturtea hasi baino lehen; abuztuaren 31n hasiko da eta irailaren 6ra arte iraungo du. Izen ematea jada itxita dago eta LHko 4. mailako eta hortik gorako 30 bat lagun batu dituzte lehenengo edizio honetarako; erantzuna "oso ona" izan dela azpimarratu du Osinagak.

Helburua, gozatzea

Oñatiko gimnasia erritmikoko saileko kideek ez dute lehiaketetan parte hartzen, urte amaieran egiten dituzte emanaldi bereziak: kirolaz gozatzea da helburua. "Gu ez gara lehiatzen, baina, lehiatzeaz gain, beste aukera asko daude gimnasia erritmikoaz gozatzeko". Sailetik ikusi dute denboraldia edo ikasturtea amaituta klub barruko beste sail batzuek edo beste gimnasia erritmikoko talde batzuek ere campusak antolatzen dituztela uda sasoian; hori izan da campusa aurrera eramateko beste arrazoietako bat.

Etorkizuna eraikitzeko aukera

Campusa sortzearen beste arrazoietako bat etorkizuna eraikitzen jarraitzea izan da. Ikasturtean zehar taldean egon direnek ez ezik, gimnasia erritmikoa ezagutzen ez dutenek ere aukera izan dute izena emateko. Askotarikoak landuko dituzte; besteak beste, beroketak, koreografiak, aparatua, mailloten apainketak, erakustalditarako makillajea. "Gauzak ikusi, probatu eta kirol honekin gozatzeko aukera da eskaintzen duguna", adierazi du Osinagak. Gainera, kirol arduraduna jakitun da esperientzia horretatik etorkizuneko gimnastak irten daitezkeela: "Campusa aukera ona izan daiteke parte hartuko dutenek ondoren gurekin jarrai dezaten". Gainera, gauza berriak probatu eta lantzeaz gain, "hainbat sorpresa" ere egon daitezkeela esan du Lide Osinagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak