Ganbara eta Hots abesbatzetako ahotsei, Amaia Zipitriaren piano doinuak, Miel Guridi narratzailearen hitzak eta Xabier Regueiroren akrobaziak batu zitzaizkien, atzo gauean plazako pilotalekuan eskaini zuten kontzertu berezian. Hori bakarrik ez, Gerraren oihartzunak izenburuaren testuinguruan jarri nahi zituzten ikusleak eta soinu-efektuak, bonbak, sirenak eta oihuekin jantzi zuten emanaldia.
"Pozik" agertu dira Ganbara abesbatzako kideak, koruak abestutako abestiak baino zerbait gehiago izan baita: "Poesia bera, narratzailea, akrobaziak, argiak, gaua... Xarma berezia eman dio kontzertuari".
Gerraren hiru zatiak
Edozein gerrak dituen faseak irudikatu nahi zituzten eta, horregatik, ikuskizuna hiru zatitan banatu zuten; hain zuzen ere, Gerraren izugarrikeria, Dolua eta Itxaropena. Abesti denak euskaraz, tartekatuz abestu zuten Aldapeko, Ikimiliklik, Baga biga, Txoria txori, Gernika, Maiteagoak eta Akerrak ken bezalako doinuez gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek, besteak beste.
Lehiaketetarako entseguak
Ganbara abesbatza Italiako Gorizziako lehiaketan izango da uztailean, eta Hots abesbatzak ere Frantziako Tours lehiaketan hartuko du parte. Horregatik, azaldu dute exigentzia altuagoa izan duela atzoko kontzertuak eta lehiaketa horietara begira prestatzeko balio izan duela.