Hamabost batzorde eta lau liberazio onartuta agintaldi berriari ekiteko

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 30a, 07:44

Atzo, eguena, egindako ezohiko osoko bilkura.

Ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo iluntzean udalbatza berriak datorren agintaldiko lan jarduna onartzeko. Hamabost batzorde egongo dira eta lau zinegotzik izango dute liberazioa: osoa Izaro Elorzak, erdia Xabier Igartuak eta Iñigo Ruizek eta %30ekoa Iñaki Olaldek.

Agintaldi berriko udal jarduna eratu zuten atzo zinegotziek, aho batez, ezohiko osoko bilkura eginda. Han onartu zituzten, esaterako, nortzuk osatuko duten Tokiko Gobernu Batzordea eta batzorde informatiboak zeintzuk izango diren eta zein ordezkari egongo diren horietan. Batzordeei buruz, hamahiru izan dira aurreko agintaldian eta hamabost datorren honetan, baina ez dago batzorde berririk, lehen bakarrean sartzen zirenak banatu egin dituzte orain. Hau da, zerbitzuak eta landa garapena bakarrean zeuden lehen eta baita sozioekonomia eta turismoa ere. Oposizioak "batzorde gehitxo" iritzita eta hiru, lurraldea, antolaketa eta herritarrak, proposatuta onartu zituen. Udal Gobernuarendako, baina, "hobeto landu" daitezke gaiak horrela, teknikari bakoitzak ere berea landuta.

Hamabost batzorde informatibo iraunkor egongo dira, beraz, eta EH Bilduko bi kidek, batzordeburua barne, eta EAJko batek osatuko dute. 

  1. Ogasuna / kontuen batzorde berezia: Xabier Igartua, Izaro Elorza eta Xabier Mugarza
  2. Pertsonala eta barne antolamendua: Izaro Elorza, Iñigo Ruiz eta Eva Gayubo
  3. Hirigintza: Iñigo Ruiz, Izaro Elorza eta Eva Gayubo
  4. Zerbitzuak: Xabier Igartua, Iñigo Ruiz eta Amaia Erostarbe
  5. Landa garapena: Xabier Igartua, Iñigo Ruiz eta Jon Kepa Gerrikagoitia
  6. Ingurumena: Iker Oñate, Xabier Igartua eta Eva Gayubo
  7. Berdintasuna: Izaro Elorza, Anik Zubizarreta eta Itziar Alonso
  8. Partaidetza eta garapen komunitarioa: Anik Zubizarreta, Iñaki Olalde eta Claudia Valdivieso
  9. Ongizate zerbitzuak: Lierni Altube, Anik Zubizarreta eta Amaia Erostarbe
  10. Hezkuntza eta euskara: Asier Lauzirika, Iñaki Olalde eta Jon Kepa Gerrikagoitia
  11. Kultura: Iñaki Olalde, Asier Lauzirika eta Amaia Erostarbe
  12. Gazteria: Ekhiñe Mendi, Anik Zubizarreta eta Itziar Alonso
  13. Kirolak: Saioa Arkonada, Iker Oñate eta Xabier Mugarza
  14. Sozioekonomia: Idoia Aierbe, Iñigo Ruiz eta Xabier Mugarza
  15. Turismoa: Xabier Igartua, Idoia Aierbe eta Claudia Valdivieso

Liberatuen soldatak eta beste zenbateko batzuk

Liberazioen kopuruan ere egon da aldaketarik. Joan den urtean oposizioko bozeramaileak %60ko dedikazio partziala zuen eta atzoko ezohikoan EAJko udal taldeko inork ez zuen liberaziorik hartu. Bestalde, 2021eko irailetik aurrera %30eko dedikazioa hartu zuen Asier Iraetak, Udal Gobernuak lehendik zituen laurei batuz. Agintaldi honetan, bi horiek gutxiago izango ditu udalbatzak, lau guztira:

  • Jardun esklusiboa izango Izaro Elorza Arregi alkateak; 53.220,02 euro gordin urtean, hamalau ordainsari berdinetan banatuta, 3.801,43 euro gordin hilean.
  • %50eko dedikazio partziala, Xabier Igartua Loidik, lehen alkateordea: 20.514,34 euro gordin urtean, hamalau ordainsari berdinetan banatuta, 1.465,31 euro hilean.
  • %50eko dedikazio partziala, Iñigo Ruiz Barronek, bigarren alkateordea: 20.514,34 euro gordin urtean, hamalau ordainsari berdinetan banatuta, 1.465,31 euro hilean.
  • %30eko dedikazio partziala: Iñaki Olalde Altzelaik, hirugarren alkateordea: 12.308,66 euro gordin urtean hamalau ordainsari berdinetan banatuta, 879,19 euro hilean.

Bestalde, udal taldeen hileko gastua ere onartu zuten atzoko ezohiko osoko bilkuran: 8.525 euro hilean –102.300 euro urtean–. Hileko kopurua honela banatuko dute: 55 euro talde bakoitzerako, eta 495 euro aldakor taldeko kide bakoitzeko. Horrela, kopuru hauek proposatu eta onartu dituzte: EH Bildu udal-taldeak, 5.500 euro hilean  –55 + 11 x 495– eta EAJ udal-taldeak, 3.025 euro hilean –55 + 6 x 495– hilean. Zinegotzi bakoitzak osoko bilkuretara zein batzorde informatiboetara bertaratzeagatik kobratuko duen zenbatekoa, berriz: 35 euro osoko bilkuretara eta 25 euro batzordeetara joateagatik. EH Bilduko zinegotzi ez liberatuek uko egin diete bertaratzeko ordainsari horiei.

Ohiko osoko bilkurak

Izaro Elorza (EH Bildu) eta Amaia Erostarbe (EAJ) izango dira udalbatza osatzen duten taldeetako bozeramaileak. Hileko azken eguenetan izango dira, normalean, ohiko bilkurak, 18:30ean; lehenengoa uztailaren 20an egitea proposatu dute. Eta Tokiko Gobernu Batzordeko kideak izango dira, alkatea eta EH Bilduko beste bost zinegotzi: Izaro Elorza Arregi, Xabier Igartua Loidi, Iñigo Ruiz Barron, Iñaki Olalde Altzelai, Lierni Altube Moyua eta Anik Zubizarreta Arturo. Bestalde, udalak parte hartzen duen erakundeetan izango dituen ordezkariak ere onartu zituzten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak