Ganbara eta Hots abesbatzek, Amaia Zipitria pianistak, Miel Guridi narratzaileak eta Xabier Regueiro akrobatak bat egingo dute Kalean egitarauaren baitako ikuskizunean. "Beste batzuetan moduan, gai sozial
bat aukeratu dugu oraingoan ere. Hausnartzeko bidea ematen duen gaia: gerra, eta halako gertaera batek sorrarazten dituen ondorioak. Gai gogorra da, guztiok nolabait ukitzen gaituena. Ikuskizun ederra izango da", esan du Ganbarako zuzendari Aitor Biainek.
Picassoren 'Gernika'
Gerrako oihartzunak ikuskizunak hiru zati ditu: Gerraren izugarrikeria, Dolua eta Itxaropena. Horietako bakoitzean hainbat pieza interpretatuko dituzte Ganbara eta Hots abesbatzek: Aldapeko, Ikimiliklik, Baga biga, Txoria txori, Gernika, Maiteagoak eta Akerra ken, besteak beste. Kantuak kantu, Picassoren Gernika koadroa izango da ikuskizuneko protagonistetako bat. Beti egongo da presente agertokian.
Efektu bereziekin
Bi abesbatzen lanei laguntzeko, efektu bereziak egongo dira: soinuzkoak, dantzakoak eta ahotsezkoak. Azken bi horietan protagonista izango dira Xabier Regueiro akrobata eta Miel Guridi narratzailea. Josu Zubiak idatzitako sei testu irakurriko ditu Guridik. Ikuskizunak dituen hiru zatietan, bina testu.
Regueirok, aldiz, hiru kantutan egingo ditu aire-akrobaziak:
Baga biga, Gernika eta Maiteagoak kantuetan, hain zuzen.
Hots eta Ganbara abesbatzen kantuak gorputz espresioarekin
jantziko ditu.