Tourreko bigarren etapa, Gasteizen hasi eta Donostian bukatzen dena, Oñatitik pasako da datorren domekan, uztailaren 2an, eta horrek eragin zuzena izango du herriko mugikortasunean eta zirkulazioan. 10:00etatik 15:30ak bitartea, itxita egongo dira herriko bi sarbideak: Elorregi eta Udana.
Arrasatetik etorriko da Tourra Oñatira, Zubillaga auzoa barrutik pasako du tropelak Elorregitik Oñatirako bidean, eta ibilbidean zehar dauden aparkaleku guztiak libre egon beharko dute uztailaren 1eko, zapaturako, 20:00ak baino lehenago. Libratu beharreko leku guztietan seinaleak jarriko dituzte hiru egun lehenago. Bestalde, lasterketaren bidea ezingo da autoz, bizikletaz edo oinez zeharkatu eta edozein irteera edo sarrera, udaltzainez, ertzainez edo boluntarioz zainduta egongo da, ibilbidean inor sar ez dadin.
Autobus zerbitzurik ez
Zirkulazioan eta mugikortasunean izango du eragina Tourra herritik pasatzeak. Domekan, Lurraldebus autobus zerbitzurik ere ez da egongo, esaterako; bai, ordea, Arantzazura joatekoa. Oñatiko herrigunea eta Arantzazu arteko zerbitzua Herribusak eskainiko du, geltoki bakarrarekin: Elkar Heziko lehen hezkuntzako eraikin aurrean dagoenarekin.
Anbulatorioa, zabalik
Bestalde, Udala lanean aritu da osasun zerbitzua bermatuta egon dadin. Horrela, uztailaren 2an bermatuta egongo da etxeko ospitalizazioa. Bestetik, bermatua egongo da emergentziako zerbitzua ere –norbait ospitalera eroan beharrik balego, Zumarragara eroango lukete–. Gainera, anbulatorioa zabalik egongo da domeka horretan, 09:00etatik 15:00etara bitartean –gutxieneko zerbitzuak eskainiko dira–.