Udako kultur egitaraua batzen duen Kalean egitaraua prest dago. Ekainetik irailaren hasierara arte luzatuko da. Musika izango da osagai nagusia, baina kale antzerkia eta ikuskizuna ere egongo dira eta beste behin, herriko espazio ezberdinetan egingo dira emanaldiak, kalean: plazan, plazako pilotalekuan, Lazarraga lorategian, San Lorentzoko ermitaren aurrealdean eta Errementeri plazan, kasu.
Bihar, ekainak 22, izango da lehen ekitaldia. Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleek ikasturte amaierako kontzertuak egingo dituzte plazan, 18:00etan. Eta azken emanaldia, berriz, irailaren 3an izango da; urtero moduan, Hortzmuga taldea etorriko da kale antzerkia egitera. Horiez gain baina, Sara Azurza bakarlaria, Mirua eta O'Capricho taldeak eta Txomin Artolaren Belar hostoak lanaren birmoldaketa egongo dira Oñatin.
Agendan daude sartuta emanaldi guztiak.