Aloña Mendiko areto futbol saila une gozoak bizitzen ari da azken denboraldietan. Areto futbol saila bera indarra hartzen ari da harrobiko taldeen gorakada ikusita, baina, batez ere, senior mailako taldea kantxan lortzen ari dena da azpimarragarriena. Azken hiru denboraldietan hiru igoera lortu ditu Iñaki Iglesiasek zuzentzen duen taldeak. Azkena, asteburuan Oñatin jokatutako hiruko finalean: oñatiarrak Euskal Ligan arituko dira datorren denboraldian.
Normala den moduan, taldekideek eta entrenatzaileek "sentsazio oso onak" dituzte igoera lortu berritan, baina Iglesiasek hiruko finalean erakutsitako mailari ematen dio garrantzia: "Sentsazio onak ez dira soilik igotzeagatik, finalean egin genuen partidagatik ere bai. Bigarren itzulian partiduak eta puntuak galdu ditugu, baina finalean gure maila onena berreskuratu genuen. Beste igoeretan ere antzerako zerbait gertatu zitzaigun". Aldiz, igoera lortzeko modua beste bat izatea gustatuko litzaioke. "Ez zen gure asmoa modu honetara igotzea. Lehen lau sailkatuen artean egon nahi genuen, baina ez zen posible izan. Gero, talde batzuek uko egin diote igotzeko aukerari, eta guk hori aprobetxatu dugu", adierazi du Iglesiasek.
Talde giroa, gakoa
Hiru igoera jarraian lortzea ez da lan makala, baina senior taldean sortu den giroan azpimarra egin du Aloña Mendiko entrenatzaileak. "Jokalarien arteko erlazioa izan da gakoa. Entrenamenduetan, partiduetan eta kalean ospakizunetan lagun talde bat dela ikusten da. Arlo tekniko edo taktikoak zerikusi gutxi izan du lorpen honetan", dio Iglesiasek. Giro horrek kategoria berrira egokitzea erraztea eragin du, baina prestatzaile oñatiarrak ez du uste iaz lortutakoak baino "balio" handiagoa duenik, eta maila berean jarri nahi izan ditu lorpenak.
Aldaketa gutxi aurrera begira
Ospakizunak amaitu berritan denboraldi berria prestatzeko unea iristen da talde guztietan, eta Aloña Mendik ere zeregin horretan dihardu. Taldeak aldaketa gutxi izango ditu ikasturte berriari begira, jokalarien multzoa antzekoa izango dela aipatu du entrenatzaileak, baina bada baja esanguratsu bat: atezainik gabe daude une honetan. Ikasketak medio, egungo atezainak ezingo dio Euskal Ligako erronkari ekin, eta Iglesiasek dei egin die atezain direnei taldean aritzeko anima daitezen.
Euskal Ligarako erronkak
Kategoria berriak erronka berriak ekartzen ditu, eta halaxe izango da areto futboleko taldearentzat. Joko maila berrira egokitu beharra izango dute, lehenik eta behin, eta hori argi du Iñaki Iglesiasek: "Hemendik aurrera areto futbol maila handia izango dugu aurrean, eta maila hori ematen saiatu beharko dugu". Asmoa, baina, "lehiakorrak" izatea eta beste urte batez "sailkapenaren goialdean" egotea izango direla azpimarratu du Iglesiasek; helburu anbiziotsuak igo berria den talde batentzat. "Helburua goian jarri behar duzu zerbait lortu nahi baduzu. Ondoren lan egin beharra dago hori lortzeko", dio Iglesiasek.
Era berean, argi dauka lan eginda ere erronka zaila dutela aurrean, baina denengandik ikasteko asmoa ere agertu du prestatzaile oñatiarrak: "Helburua ez badugu betetzen, aurrean izango ditugun taldeek duten areto futbol maila ikusi eta hortik ikastea lortuko dugu. Hala ere, guretzat, agian, bigarren mailakoak diren helburuak lortuko ditugu; bi kasuetan, ikasten amaituko dugu".