Bainu denboraldia zapatuan ireki zuten ofizialki eta hirugarren egunera etorri da debekua. "Litekeena da igande goizeko euri zaparrada mardulek eragin izana atzoko ur laginaren emaitza txarretan, baina arrazoia hori izan bada, gaurkoan errepikatu egingo dira, seguruenera, atzo arratsaldean ere bat-bateko zaparrada gogorrak izan zirelako", adierazi dute Udaletik prentsa-ohar bidez. Hori kontutan hartuta, ur laginak hartzeko praktika aldatzea eskatu dezake Udalak, "urak bereziki mugitu edo nahasita datozen momentuak saihesteko". Eta gaineratu dute gaia aztertzen ari direla.
Iazko bainu denboraldian ere halako debekuak behin baino gehiagotan gertatu zirela gogorarazi dute, E.coli baktorio kontzentrazio altuak neurtu zirelako.