Jubilatuen Astea ari dira ospatzen Pake Lekun

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 13a, 12:16

Erretiratuak Pake Lekun ,Jubilatuen Astea iragartzen duten kartelak erakusten. (Argazkia: Pake Leku)

Hitzaldi batekin hasi dute astea eta ospakizun egunarekin bukatuko domekan, bingo berezia eta dantzaldia eginda. Antolatutakoak eta egingo dituztenak erretiratuen arteko harremanak sustatzeko izatea gurako luke zuzendaritza berriak.

Jubilatuen Astea ari dira ospatzen Pake Leku erretiratuen egoitzan, elkarteak antolatuta. Egingo dituzten ekitaldietan parte-hartzaileen artean harremanak sortzea eta egun daudenak sustatzea gurako luke elkarteko zuzendaritza berriak. "Horixe da gure nahia. Aste honetan ez ezik aurrerantzean ere egingo ditugun ekintzetan geure arteko konexio hori lortzea", dio elkarteko presidente berriak, Antonio Alonsok.

Omenduak, senar-emazteak

Jesus Millas medikuaren aldez aurreko borondateen gaineko hitzaldiarekin hasi eta domean (hilak 18) ospakizun egunarekin bukatuko dute Jubilatuen Astea. Andres Agiriano eta Pilar Biain senar-emazteak omenduko dituzte domeka eguerdiko ekitaldian. "Parrokiako klaustroan egingo dugu aurten ere. Kiroldegian izaten zen lehen, baina oso toki handia da hura eta nahiago genuen toki txikiagoan elkartu, ekitaldia goxoagoa izan dadin. Aurten ere horrela egingo dugu. Luntxa izango dugu han guztiondako, eta prest ditugun opariak han banatuko ditugu".

Dantzaldiarekin egindako aldaketa ere mantendu egingo dute aurten. Kiroldegian izaten zuten lehen, bazkalostean, baina Pake Leku elkartean bertan egingo dute aurten, bingo bereziaren ostean. Eguenean izango da hori, 17:00etan.

1.208 bazkide gaur egun

Orain arte egindako bidetik jarraitu gura du zuzendaritza berriak, eta dagoeneko lanean daude batzordeak: hiru lagun daude bidaiak antolatzeko taldean, beste hiru ekintza kulturalak eta egun-pasako irteerak prestatzen, bi lagun administrazioan, beste bi mantentze-lanetan eta bestelakoetan pare bat. "Kanpora joateko bidaiek harrera ona izaten dute, eta jarraituko dugu antolatzen. Baina baita egun-pasa joateko irteerak ere. Oñati Ezagutzen ekimena, adibidez, polita da, baita Euskal Herriko hainbat toki ezagutzeko egiten diren txangoak ere. Badago jendea bakarrik bizi dena eta horrelako ekintzetan beste batzuekin elkartu eta egunaz disfrutatzen duena. Horixe gura dugu guk, erretiratuen artean harremanak sustatzea".

1.208 bazkide ditu gaur egun Pake Lekuk, eta, gutxi gorabehera, mantendu egiten da kopuru hori, Alonsoren esanetan. Erretiroa hartu ahalaz bat egiten da jendea elkarteko bazkide, eta azken urteetan ez da askorik aldatu kideen kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak