Hiruko torneoa jokatuta erabaki da Euskal Ligara zein talde ingoko den eta Oñatiko taldeak irabazi du torneoa, maila igoera lortuz. "Oso pozik gaude. Hiru urtetan urtero lortu dugu mailaz igotzea. Euskal Ligara heltzea zen helburua, bai, baina ez genuen horrela heltzea espero. Defentsan ondo ibiltzen gara baina partidu guztietan dena ematen dugu eta baita gaurkoan ere. Hiruko torneo hau jokatzeko puntura heldu ginen eta gogoz baina lasai iritsi gara gaurko partiduetara. Dena eman dugu, hori bai, eta irabazi azkenean", esan du taldeko kapitainak Julen Carr-ek partiduaren amaieran.
Lehen partidua Leioak irabazi du Gasteizko taldearen kontra eta irabazi egin du bigarren partidua Ingou Coinbroker-Aloña Mendik Leioa menperatuta. Hirugarrenean gasteiztarren kontra jokatu dute etxekoek eta 2 eta 5 irabazita lortu dute mailaz igotzea. Irabazten hasi dute partidu erabakiorra, eta irabazten bukatu. "Bi partidu segidan jokatzea tokatu zaigu. Jota geunden eta besteak gu baino freskoagoak ikusten genituen, baina lortu dugu".
Datorren denboraldiari begira ilusio handiarekin daudela aurreratu du Carr-ek: "Kilometro gehiago egin beharko ditugu asteburuetan, kotxean batera eta bestera, baina gogotsu gaude".
Bigarren sailkatu da ligan Aloña Mendi eta horrek aukera eman dio goiko mailarako igoera jokatzeko. Araban eta Bizkaian bigarren egin dutenen kontra jokatu du gaur arratsaldean, hiruko torneoan. Aurten igoera Gipuzkoan jokatzea tokatzen zen, eta, sailkatu den Gipuzkoako taldea Aloña Mendi izanda, Oñatin izan dira partiduak.