Euskal Ligara igotzeko lehian egongo da Ingou Coinbroker Aloña Mendi taldea asteburuan. "Bigarren sailkatu gara ligan eta horrek aukera ematen digu goiko mailarako igoera jokatzeko. Araban eta Bizkaian bigarren egin dutenen kontra jokatuko dugu zapatuan, bihar, hiruko torneoan. Aurten igoera Gipuzkoan jokatzea tokatzen zen, eta, sailkatu den Gipuzkoako taldea Aloña Mendi izanda, Oñatin izango dira partiduak", azaldu du areto futbol taldeko ordezkari Santi Bernalek.
Zapatu arratsaldean partiduak
Partiduak Zubikoako kantxa berdean izango dira zapatu arratsaldean. 16:30an, Gasteizko Calasanz taldea eta Leioako Ibaraki lehiatuko dira eta horko galtzailearen aurka jokatuko du Aloña Mendik, 17:30ean; 18:30ean, irabazlearen kontra. Bi partidu segidan dituzte, beraz, etxekoek, eta gogor ari dira fisikoa entrenatzen: "Igoz gero, kilometro gehiago egin beharko ditugu asteburuetan, baina jokalariak oso gogotsu daude eta herriko kirol elkartearen babesa ere badugu".