Ekipamendu industrialen fabrikazioan erreferente izateko oinarriak jartzeko eta enpresaren posizionamendua indartzeko, Onnera Groupek lantegi berri bat zabalduko du Oñatin. Iragarri dutenez, nazioarteko merkatuan duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzeko balioko du lan leku berri honek. Inbertsioa 17 milioi euro baino gehiagokoa izango da, eta ingurumenaren ikuspegitik proiektua "berritzailea" izango dela adierazi du Mondragon taldeko kooperatibak.
Planta berria eraikitzeko obrak hasi dituzte dagoeneko, eta, behin amaituta, egungo garbigailu industrialen ekoizpen gaitasuna handitzen lagunduko du. Lantoki berri honek enplegua sortzen lagunduko duela nabarmendu dute.
Eduardo Calvok, Taldeko zuzendari nagusiak, "positibotzat" jo du iazko urtea, eskertu egin du taldeko pertsona guztiek egindako "ahalegina" merkatuetan inflazioa eta ziurgabetasuna nagusi diren ikasturte honetan, eta adierazi du determinazioz jokatuko duela taldearen etorkizuneko erronkak lortu asmoz.
Nazioarteko enpresa
Nazioarteko enpresa-talde bat da, Mondragon Korporazioren baitan, eta sukaldaritzarako, garbitegietarako eta hotz-sistema aplikatuen ekipamendurako soluzioak eskaintzen ditu. 2022ko balantzea egin berri dute, eta oso positibotzat eta inoizko fakturazio-bolumen handiena lortu dute: 380 milioi euro. Salmenta guztien % 68a nazioartekoa da, eta merkatu nagusienak dira AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Latinoamerika. Salmenten % 32, ordea, merkatu nazionalean egiten dute.