Jolastuz agurtu dute eskola kiroleko ikasturtea

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 2a, 12:51

Hirugarren eta laugarren mailetako ikasleak Elkar Hezin jolastu ziren.

Inoiz baino ikasle gehiagok hartu du parte eskola kirolean, 625ek, eta herriko hainbat txokotan adinka hainbat jolas eginez amaitu dute kurtsoa. Arrakasta berretsi du erakundeek eta herriko babesle eta kirol eragileen artean bultzatutako formulak.

Adinka antolatuta herriko hainbat gunetan jolasak eginez eman diote amaiera eskola kirolaren ikasturteari. "Arrakastatsua izan da ikasturtea, beste behin. Sekulako altxorra da ekimen hori Oñatiko umeendako", dio eskola kiroleko udal teknikari Rosa Lasagabasterrek.

Elkarrekin nahastuta

Hiru ikastetxeetako umeekin osatutako taldeak egiten dituzte, eta hori da, Lasagabasterren ustez ekimena "altxor" bihurtzen duen ezaugarrietako bat. "Nahastu egiten dituzte umeak, eta, kirola egiteaz gain, elkar ezagutzen dute eta elkarrekin jolasten ikasten dute. Hori sekulakoa da, balio erantsi oso garrantzitsua. Izan ere, umeak kirola egitea eta kirolera gerturatzea bada proiektu horren helburuetako bat, baina umeak hezten laguntzea ere bai. Eta elkarren arteko ezagutza eta errespetu hori izatea heziketaren eta gizakiok izan behar ditugun balioen parte dira". Begiraleak ere maila handikoak direla gaineratu du: "Gazteak dira, gehienak kirol ikasketak egiten ari direnak, eta enpatia handia dute umeekiko".

Babesleekin batera

Guztira, 625 ikaslek hartu dute parte joan den egubakoitzean jolasean amaitu zuten ikasturtean; inoiz baino gehiagok. "Ondo pasatzen dute umeek, eta aukera dute kirol bat baino gehiago ezagutzeko, probatzeko. Kirol arauak ikasten dituzte, errespetuz jolasten eta jokatzen, eta lagun berriak egin izan dituzte. Balio horiek garrantzitsuak direla iruditzen zait", dio guraso batek.

Ikasle, hezitzaile eta gurasoez gain, beste hainbat eragilek osatzen dute eskola kirola Oñatin, izan ikastetxeak, erakundeak edo babesle diren herriko hainbat enpresa –Ulma, Fagor, Lana, Natra, Euskadiko Kutxa eta Sustrai– zein kirol eragile –Aloña Mendi, Tatarraz, Oñatiko orientazio eskola eta Antxintxika, tartean–.

Datorren ikasturterako

Datorren ikasturtean ere izango dute eskola kirola Lehen Hezkuntzako ikasleek. Beste behin, herriko kirol eragileekin batera osatuko dute eskaintza eta hamabost bat kirol mota ezagutu eta egin ahal izango dituzte. Hamar egun barru, ekainaren 12an, zabalduko dute izen ematea, eta 16an itxiko da epea. Ohikoa den moduan, herriko ikastetxeen bitartez bidaliko dute informazioa. Gainera, gurasoendako informazio bilerak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak