Aurreko bi aldietan moduan, bi kanporaketatan banatuta –Bilbon maiatzaren 6an eta Erratzun maiatzaren 13an izan dira aurten–, hamabi bertsolarik hartu dute parte aurtengo sariketan eta haietatik seik lortu dute bihar, zapatua, Oñatin jokatuko duten hirugarren sariketako finalerako txartela: Iruri Altxerrekak; Jainire Arrizabalagak; Eli Pagolak; Maddi Ane Txoperenak; Eli Zalduak; eta Maider Arregi oñatiarrak.
Arregi, eskualdeko ordezkaria
Antolatzaile lanetan eta entzule moduan hartu zuen parte Oñatiko bertsolariak aurreko bi edizioetan, eta taularen gainean izan da azkenekoan. "Bilboko kanporaketan izan nintzen ni, eta, urduri samar egon nintzen arren, oso gustura abestu nuen. Aurreko bi sariketetan asko gozatu nuen entzule moduan, eta banuen maila hori mantentzeko edo ganorazko saioa egiteko eta publikoak gozatzeko modukoa egiteko ardura, baina sentsazio oso ona eduki nuen saioan. Taberna beteta zegoen, eta giro oso beroa. Informala baina bertsoarekiko errespetuzkoa, eta antolakuntzatik ere oso zainduta egon ginen", dio Arregik.
Finalerako prestaketa lanei buruz galdetuta, oñatiarrak "gustura" jardun duela dio, irabazlea nor izango den kinielarik egiten ausartzen ez dela gaineratuta: "Señora sariketako ariketak egiten jardun dugu asteon bertso eskolan, eta oso aberasgarria izan da. Adibidez, bakarkako kolaboratiboak probatzen ibili gara eta oso dibertigarria izan da bakarkakoa moduko ariketa solemne bat egiteko beste modu batzuk topatzea. Ez naiz ausartzen irabazlea nor izango den esatera, egia esan; festaz gozatzera joango naiz bihar, eta bigarren planoan izango dut lehia apur bat".
Sei bertsolari taularen gainean
Bihar, zapatua, 17:00etan hasita, izango den señora Sariketako hirugarren finalerako agertoki gainean alboan izango dituen bertso-kideei buruz zera gaineratu du etxean jokatuko duen bertsolariak: "Bertsolari batzuk aurrez ezagutzen nituen eta beste batzuekin lehenengo aldiz abestu dut sariketa honetan. Orokorrean, oso desberdinak garela esango nuke, bertsokera desberdinak ditugula, baina gure artean giro ona egongo delakoan nago eta elkarrekin saio polita egingo dugula uste dut. Bakoitzak duen egunaren arabera edozeinek irabazi dezakeela uste dut, eta, gainera, edozeinek irabazita ere poztu egingo naiz. Sariketa honen ederra hori da, edozeinek irabazita guk ere irabazi dugula sentitzen dugula, modu baten esanda, mugimendu beraren parte garelako".
Sarrerak, agortuta
Taularen gainean izan diren bertsolarientzako eta, orokorrean, bertsozaleentzako ere sariketa "berezia eta estimatua" da; horren erakusle da aurre-salmentan agortu egin direla sarrera guztiak. "Bukatu dira sarrera guztiak; beraz, bihar, gaztelekuko leihatilan ez da erosteko aukerarik izango. Online erosi dituztenek leihatilan izango dituzte erreserbatutako sarrerak eskuragarri", azaldu dute sariketaren antolatzaileek.