Azken osoko bilkura izan da hamazazpi zinegotzietatik hamarrendako

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 26a, 08:21
Maiatzaren 25ean egin du agintaldiko azken ohiko osoko bilkura Oñatiko Udalak.

Agintaldiko azken ohiko osoko bilkura egin zuen atzo Oñatiko udalbatzak. Hamazpi zinegotzietatik hamarrek, gainera, ez dute jarraituko datorren agintaldian. Aipatzekoa, Anjel Biainen agurra; 24 urte egin ditu zinegotzi, sei agintaldi. Osoko bilkura laburra izan zen eta aho batez onartu zituzten gai zerrendako puntu guztiak. Esker hitzak eta lore sortak ere egon ziren.

Atzo, eguena, egin zuen agintaldiko azken osoko bilkura Oñatiko udalbatzak eta azken izate horrek berezia egin zuen, hamazazpi zinegotzietatik hamarrek ez bait dute hurrengo agintaldian jarraituko eta hortaz azken ohiko osoko bilkura izan zen haiendako: Susana Altuna, Karmelo Guridi, Asier Iraeta, Alaitz Kortabarria, Maite Anton, Ainhoa Galdos, Anjel Biain, Marijo Etxegoien, Nerea Altube eta Andoni Altuna. 

Agurren artean aipatzekoa, agian, Anjel Biain jeltzalearena. Sei agintalditan izan da zinegotzi -1995etik 2015era eta 2019tik 2023ra–  24 urtetan. "Herria aldatu da urte guzti hauetan, baina udaleko jarduna ere bai. Ni hasi nintzenean bilerak, esaterako, askoz luzeagoak izaten ziren. Orain online ere egiten dira, adibidez. Ni oso gustura ibili naiz zinegotzi lanean, herriarendako lanean, eta herritar guztiak animatuko nituzke horretara". 

Galde erreguen tartean, osoko bilkurara joandakoen artean –EH Bilduko zerrendakideak asko–hitza hartu zuen Lierni Altubek, guztien izenean berba eginez, "egindako lanagatik" eskerrak emateko EH Bilduko zinegotziei. Lore sorta bana oparitu zizkieten segidan.

Izaro Elorza alkateak ere hartu zuen hitza ondoren. Bilerak patailen bitartez egiten zituzten garaiak ekarri zituen gogora, edo zinegotzi batzuk osoko bilkurak jendearendako jarrita egoten diren eserlekuetan jarritu zituzten hilabeteak. "Ez ohiko egoera horiez gain, baina, uste dut agintaldia ondo joan dela, errespetuz hitz egin dugu osoko bilkuretan eta balorazio ona da hori. Ekerrak eman gura dizkiet, beraz, guztiei eta zorte ona opa hemendik aurrerako ibilibideetan, batzuendako azkena izan da gaurkoa eta". 

Aho batez puntu guztiak

Osoko bilkura bera laburra izan zen eta aho batez onartu zituzten puntu guztiak. Horien artean: Kantoikrit elkartearen eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena eta diru laguntza zuzena, Pake Leku zein Lagun Leku erretiratuen elkarteendako 2023rako diru laguntzak ematea onartzea, baita Badihardugu euskara elkartarekin ere Ingo Xonau! eta Oñatiera Ikasgelan proiektuak garatzeko, AFAGI elkartearekin ere lankidetza hitzarmena egitea Estimulazio kongnitikoko tailerra egiteko eta 2022. urteko udalaren ondasunen inbentarioa eguneratzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak