Menstruazioari buruzkoak, umorez

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 25a, 12:58
Elba Ruiz eta Zahira Montalvo aktoreak 'Ovolucionando' antzezlanean. (Argazkia: Kancaneo Teatro).

Bihar Santa Anan egingo duten hilekoari buruzko antzezlan dibertigarri eta didaktiko batekin bukatuko dute Jabekuntza Eskolako ikasturtea. Hamabi tailer, bost hitzaldi eta beste bost ikuskizun eskaini dituzte eta 400 bat lagunek hartu dute parte.

Egubakoitzean 19:00etan Santa Anan eskainiko duten Ovolucionando antzezlanarekin emango diote amaiera Jabetze Eskolako ikasturteari. Valentziako Kancaneo Teatro taldearen obra da eta hilekoa du ardatz.

Dibertigarria eta didaktikoa

Umetokian dauden bi obulu interpretatuko dituzte Elba Ruiz eta Zahira Montalvo aktoreek: "Menstruazioaren laugarren fasean kokatzen da antzezlana eta euren arteko gorabeherak, istorioak, kontatuko dituzte umetoki barruan dauden bi obuluk. Umorez, umore onez, kontatuko dituzte euren bizipenak, eta ikusleengan barrea eragiteko gai izango dira. Hilekoa zikina, ezkutuan eraman beharrekoa, izan da ikuspegi patriarkaletik, eta horri buelta emateko ahalegina da antzezlan hau".

Bi aktore, bi obulu, egongo dira eszenatoki gainean, eta apenas egongo da beste elementurik; soilik odola irudikatuko duen iruditegi bat eta musika eta off-ean entzungo den ahots bat. "Iruditzen zaigu antzezlan kutuna dela, maitekorra, eta, batez ere, dibertigarria. Baita didaktikoa ere. Orain arte egindako emanaldietan jende asko etorri zaigu esanez lehen baino gehiago dakitela orain menstruazioaz, eta pozgarria da hori. Hilekoa duten, izan duten edo izango duten guztiendako antzezlana da".

Matrikula kopurua bikoiztu

Zinegoak jaialdiko filmen proiekzioarekin eta biharko antzerkiarekin bukatuko da Jabetze Eskolaren ikasturtea; bi urte gorabeheratsuren ondoren, osorik normaltasunez burutu den lehendabizikoa. Proposatutako hemezortzi ikastaroetatik hamabik egin dute aurrera, eta egin dira bi programatan jasotako gizonen taldeak ere. Ikastaroez gain, bost hitzaldi eta bost ikuskizun egin dituzte.

JASOTAKO EKARPENEKIN HASIKO DIRA HURRENGO KURTSOKO ESKAINTZA PRESTATZEN

Aurreko matrikula kopurua bikoiztu egin da ikasturte honetan eta urterik onenak eskainitako balioak baino handiagoak eman ditu, Udalaren Berdintasun Sailak aditzera eman duenez. 219 matrikulazio jaso dira eta 153 pertsonak hartu dute parte: hamazazpi gizonek eta 136 emakumek. Hitzaldi eta ikuskizunetako parte hartzearekin, 400 pertsona inguru ibili dira. "Jabetze Eskola bere lekua egiten ari den sentsazioarekin amaitzen dugu ikasturtea, eta hori da helburua. Emakumeen ahalduntzerako erreferentziazko espazio bilakatzea eta bakoitzak dakartzan beharren araberako eskaintza egin ahal izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak