Musika eskola berria eta kanpoko igerilekuak dituen kirol eremua, EAJren apustu nagusiak ekipamenduen arloan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 22a, 12:54

Korriuena eremua.

Musika Eskola Olaitturrin ikusten dute jeltzaleek, "herritar guztien eskura". Kanpoko igerilekua, berriz, Korriuenean jartzea proposatzen dute.

Herri programan jasotakoak zehaztu gura ditu EAJk eta aurrekoan tokiko komertzioen inguruan egin bezala, herriko ekipamenduei buruzko apustuak zehaztu ditu: musika eskola eta kanpoko igerilekua izango duen kirol eremua, zehaki. Herrian dagoen "gabezia bati erantzuten" dioten bi proiektu, alkategai jeltzalearen iritziz: ‘Gure herrian, urteak aurrera egin ahala, gabeziak ugarituz joan dira. Gaur egun, esaterako, seme-alaba, lagun edo familiarekin planak egiteko orduan, Oñatin ditugun kultura edo kirol ekipamendu eta azpiegitura asko bere onena emanda daude, eta horrek ez du eragin ona, jakina, herriko bizitzan zein bizimoduan, eta, zer esanik ez, kultura eta kirol eragileengan", dio prentsa oharrean Amaia Erostarbek.

Kulturari dagokionez, musika eskola Olaitturrin egitea proposatzen dute: "Modu horretan, eraikin berria Oñatiko erdigunean egongo da eta oñatiar guztien eskura jartzeaz gain, irtenbidea eta erremate egokia emango zaio degradatzenhastear dagoen eremu horri". Jeltzaleek musika eskola berri horretan batu gura dituzte herriko musikazaleak eta hainbat kultura eragileak, besteak beste: txistulari- eta musika-banda, Ganbara Faktoria… Helburu nagusia da XXI. mendeko eraikina egitea eta kalitatezko azpiegiturak eskaintzea haien jarduna burutu dezaten. "Baliabide egokiak eskainita, haien lana samurtu eta sustatuko dugu eta ezin dugu ahaztu, hain zuzen, eragile horien lanari esker dagoela kultura bizi-bizi Oñatin".

Kirolari buruz, berriz, Korriuenean egin gura du EAJk kanpoko igerilekua, " azken bi legealdietan, jeltzaleek aurrekontu proiektuetan aldarrikatu eta eskatu duten garrantzi handiko azpiegitura". Gune horretan leudeke beste hainbat kirol ekipamendu ere: "besteak beste, padel pistak, futbol zelaia eta pump-track-a izango dituen espazioa izango da", gaineratu du alkategai jeltzaleak. Ekipamendu berri horien helburu nagusia "oñatiarren behar errealei erantzutea", jetzaleen esanetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak