Goizeko 11:00etan irakurri du pregoia Urgaintxok eta ostean, kalejiran joan dira Oñatiko kaleetan zehar. Herriko Plazan egin dute geldialdia eta han trikitilariek zenbait pieza jo dituzte. Handik Atzeko kalera joan dira eta bertan aritu dira musikarekin kantuan.
Ordu bata ingururako Herriko Plazara itzuli da jende andana eta bertan izan da ekitaldi nagusia. Lau giza dorre inguru egin dituzte –aurtengo berrikuntza–. 14:00etan egin dute bazkaria Irunberri plazan eta 600 lagundik gora bildu dira paella jateko.
Bingoa eta jolasak arratsaldean
Bazkalostean guztientzako tailerrak egin dituzte Txatxilipurdiren eskutik. Bingoan jolasteko aukera egon da eta bertan lortutako dirua Oñati BHI institutuko ikasleen ikasbidairako izan da. Era berean, egun osoan zehar bigarren eskuko azoka, bizkotxo salmenta, antzerkia eta zerbitzari lanak ere egin dituzte helburu berarekin.
Azkenik, egun osoan bezala, musikak izan du lekua eta 18:00etan hasi da Hamarratz taldearen kontzertua eta ondoren, Xaba taldearen txanda izan da. Egunari amaiera gaueko bederatzietan emango diete.
Balorazio positiboa
Antolatzaileek azaldu dutenez eguna "ondo" joan da: "Ez du ia euririk egin. Oso ondo egon da. Urgainen baloreekin bat egiten duen ekintza izan da, denon artean eta edonork parte hartzeko modukoa. Bazkaria ere bai. Paella bertan prestatutakoa zen eta oso goxoa zegoen. Jendea oso gustura geratu da eta gero, gainera, bingoa egin da. Oso animatua izan da".