1-5 galduta, Oñatiko pilotariak Herri Arteko Txapelketatik kanpo geratu dira. Izan ere joan den astean etxean 1-2 galdu ostean, atzo Amezketan jokatutako hiru partiduetan ere atzean geratu ziren oñatiarrak.
Kadeteetan, Joanes Osesek eta Jon Biainek 22-2 galdu zuten; jubeniletan, 22-9 Manex Guridik eta Manex Madinagoitiak ; eta seniorretan, 22-18 Mikel Ugartek eta Iñigo Erlek. Azken horiek ziren atzo garaipen bat lortzeko oñatiarren itxaropena, baina 13-3 irabazten hasi arren, ezin izan zuten helburua lortu.
Ander Biain oñatiarren botilleroaren esanetan, kanpoan geratu diren arren orokorrean txapelketaren balorazio positiboa egiten dute, beste herri batzuek ez bezala Oñatik zazpigarren urtez taldea osatu duelako. Era berean, partiduetako egon den giroa azpimarratu du: “Joan den astean Oñatin izandako partiudetan jende asko egon zen, espero genuena baino gehiago, eta atzo ere 35 pertsona inguru joan ginen autobusean Amezketara”.