Azken urteetako arrakastarekin jarraituta, Herriko Pilota Txapelketako antolatzaileek beste edizio bat prestatzen dihardute. Izen ematea zabalik dago, domekara arte. Bikoteek, Aker eta Arrano tabernan, edo mugikorarekin mezu bidez antolakuntzako kideei idatzita eman beharko dute izena; bikoteko hamabost euro ordaindu beharko dira.
Beti bezala, bi txapelketa jokatuko dira: alde batetik, emakumezkoena; eta, bestetik, gizonezkoena. Arauei dagokienez, bikote bakoitzean pilotari federatu bakarra egon ahalko da, eta, gainera, parte hartzaileek herrikoak edo herrian bizi direnak izan beharko dute. Honetaz gain, izena ematen duten hamar bikotek epaile lanetan lagundu beharko dute. Lehen fasea ekainean eta uztailean jokatuko da; kanporaketak, berriz, irailean.