Maddi Arlanzonek (ahotsa eta bigarren gitarra), Iñigo Santa Cruzek (gitarra), Unai Izurak (baxua) eta Ander Igartuak (bateria) osatzen dute Oñatiko Malko musika taldea. "Maddik kantu batzuk idatzita zituen, horiek publikora ateratzea gura zuen eta talde bat sortzea bururatu zitzaion. Maddi, Unai eta Ander kuadrillakoak gara, baiezkoa eman genuen, baina gitarra-jole bat falta genuen taldea osatzeko eta Iñigorengana jo genuen".
Duela urtebete inguru sortu zuten eta zapatuan, Errekalde auzoko jaietan –hemen jaietako egitaraua–, egingo dute euren lehen kontzertua talde moduan. Rock kutsuko kantuak dira egin dituzten gehienak baina lasaiagoak ere badituzte: "abestiak entzun dituzten gutxiek oso sentimentalak direla esaten dute". Maddi da, normalean, letren egilea eta musika, berriz, denen artean sortzen dute, lokalean. Oraingoz sei kantu dituzte "bukatuta" eta horiek joko dituzte Errekalden. Horiez gain, baita beste kanta batzuen bertsioak ere.
Errekaldekoa, "oso berezia"
Malkok, talde moduan, joko duen lehen kontzertuz izango da eta eurendako "oso berezia" izango dela adierazi dute kideek. "Lehenengo aldiz entzungo ditu jendeak gure kantuak eta gogo handia dugu horiek entzutean publikoak izango duen erreakzioia ikusteko". Errekaldekoaz gain beste kontzerturen bat ere badute dagoeneko lotuta, baina lehenenengo honek gehiago egiteko ateak zabalduko dizkien desioa dute. Izan ere, musikaz gozatzea eta leku desberdinetan ahalik eta kontzertu gehien egitea da taldearen asmoa, "hainbat eszenatokitik igaro, esperientzia hartu, musika munduko jendea ezagutu eta disfrutatzen jarraitzea". Hori, etorkizunean euren kantuez osatutako disko bat kaleratzeko aukera izatea baztertu barik.
Bide batez, Malko taldeak eskerrak eman gura dizkie, lerro hauen bidez, taldea sortzeko prozesuan lagun izan dituzten denei: "musika ekipoa uzten, logoa marrazten... Eskerrik asko denoi".