Oñatik 1-2 galdu du Amezketaren aurka Herri Arteko txapelketan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mai. 12a, 22:34

Oñati taldea osatzen duten jokalariak, epaileak, laguntzaileak eta prestatzaileak.

Zubikoan jokatu dute Herri Arteko lehenengo kanporaketako joaneko jardunaldia. Kadete mailan 9-22 galdu dute oñatiarrek; gazte mailan, 2-22; eta, senior mailan lortu dute puntu bakarra 22-17 irabazita.

Herri Arteko txapelketa jokatu dute gaur arratsaldean Oñatik eta Amezketan Zubikoan. Hiru partiduetatik bitan gailendu dira Amezketako pilotariak. Kadete mailan nahiko ondo hasi dute lehia Etxahun Lizarraldek eta Joanes Osesek baina aurkariek partidua estutu dutenean ihes egin die partiduak: 9-22 galdu dute; eta, gazte mailan, Iñaki Barrenak eta Manex Madinagoitiak hasiera txarra izan dute eta partiduak alde egin die: 2-22. 

Senior mailakoen partidua

Seniorretan, Mikel Ugartek eta Iñigo Erlek ondo hasi dute lehia; ondoren, estutu egin du Amezketako bikoteak. Hala ere, etxeko pilotariek, tanto onak eginez partidua aurrera ateratzea lortu du, modu horretan jardunaldiko puntu bakarra lortuz. Aloña Mendiko aurrelari Ugarte: "Gu gure partidua egitera joan gara eta zorionez irabazi egin dugu. Ondo hasi dugu lehia baina ondoren hauspoa hartu digute. Hala ere, ondo atera dugu partidua. Nik ahalik eta gehien eutsi behar nuen aurrean, eta Iñigok ahalik eta huts gutxien egin. Tantoa amaitzeko aukera izan dugunean, amaitu dugu, baina ahalik eta gutxien arriskatuta".

Itzulerako lehiak

1-2 emaitzarekin, itzulerako jardunaldian egongo da gakoa. Ugartek azaldu du nola planteatuko dizuten hurrengo asteko partiduak: "Kadete mailan, ondo hasiz gero, nik uste dut sorpresa eman dezakegula; gazte mailan, estutu egin beharko dugu puntua ateratzeko; eta guk ahalik eta tanto gehien egin beharko ditugu hurrengo fasera pasa ahal izateko".

Iazko Herri Artekoan Amezketa izan zen oñatiarren borreroa: "Amezketak iaz ez zuen oso ondo jokatu, eta nahiz eta hemen puntua atera 4-2 geratu ginen. Ea aurten hobeto egiten dugun eta puntua atera eta pasea lortzen dugun". Txapelketatik kanpo geratzeko aukeraz, honako hau dio Ugartek: "Parte hartzera gatoz. Azkeneko bost urteetan atera dugu taldea, eta egia esan oso zaila da taldea ateratzea. Gure helburua parte hartzea eta ahal bada hurrengo fasera pasatzea da, behintzat saiatzea"

Zaleen animoak

Zubikoako frontoia bete egin da txapelketa ikusteko: "Zaleen aldetik jasotako babesarekin oso gustura gaude, eskerrak eman behar diegu, oso giro ona egon da eta animoek asko egiten dute". Harmailetan ikusle berezi bat ere egon da: Amezketako pilotari Jokin Altuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak