Beldurrezko filma grabatzen Sandailin

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 12a, 11:25
Sandaili Araotzeko leizea, zuri-beltzean.

Sebastien Pesle zuzendari eta Jamex Ferrux eta olga Martinez protagonista izango dituen 'La bruja' pelikula filmatzen hasi ziren duela bi ostiral Sandaili leizean, eta hantxe egon dira astebetez; ondoren, Elgoibarren jarraitu dituzte grabaketak

La Bruja filmerako grabaketak egiten ibili dira Sandaili leizean, Araotzen; Sebastien Pesle zuzendari, James Ferrux protagonista nagusi eta Olga Martinez sorginaren paperean izango dira. Apirilaren 28an hartu zuten ostatu Araozko Ostatuan, egubakoitza, eta han egon ziren astebetez. Xabier Salaberri ostatuko jabeak adierazi duenez, guztira hamabi ziren, eta horietako bat, pelikulan sorgina izango dena, euskalduna zen; hain zuzen, Barakaldokoa.

Folkloriko modernoa

"Umore eta beldur estiloak nahastuz, euskal folklorean inspiratutako zuri-beltzeko pelikula" bat grabatzea da zuzendariaren asmoa. Filma fantasia heroikoaren unibertsoan kokatuta dago, "giro ilun eta erritu pagano euskaldunekin nahasia": Mercurio, Euskal Herriko gigolo bat, sorgin batek preso du kobazuloan, eta, hainbatetan ihes egiten saiatu den arren, sorginaren botereak amaigabeak direla dirudi.

Zuzendariaren ideia film zaharrak gogoratuko lituzkeen pelikula modernoa egitea da: "Sam Raimi-ren Evil Dead edo Arrástrame al infierno pelikulak bezala, gure ideia euskal folklorean inspiratuta beldurrezko eta umorezko film bat egitea da. Filma zuri-beltzean grabatuta dago, eta beldurrezko film zaharrak gogoratuko lituzke, hala nola La novia de Frankenstein eta Drácula". Aldi berean, estetika "modernoagoa" eta "errealistagoa" eman nahi izan diote.

Zergatik Araotz?

Zuzendari frantsesa duela lau urte etorri zen Euskal Herrira, eta buruan zuen pelikula filmatzeko "leku perfektuaren" bila aritu zen. Horrela aurkitu zuen Sandaili leizea: "Toki perfektuaren bila ari nintzen eta Oñati inguruetan galdu nintzen; Arrikrutz deskubritu nuen. Oinez aurrera egin nuen eta Sandailiko koba zoragarriarekin egin nuen topo". Salaberrik aitortu duenez, nahiz eta bertako paraje "paregabeak" harritu, Sandaili leizean ibili ziren lanean, eta astebete ostean joan ziren: "Ondoren, Elgoibar aldera abiatu ziren grabaketekin han jarraitzeko, eta beste hiru egun egon ziren".

Araotzeko leizeak "giro magikoa" du, zuzendariaren hitzetan: "Airean giro magikoa dago, naturaren soinua, eta ermita, aspaldi igaro diren gizakien aztarna gisa, oso irudi arraroa da. Hasieran, haitzuloan sartzeko eta han ibiltzeko ausarta izan behar da; beldurgarria iruditu zitzaidan, baina, zazpi egunez grabatzen egon ostean, beste begi batzuekin ikusten dut: toki natural eta ederra". Hala, pelikularekin toki "zoragarri" hura gorestea gustatuko litzaioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak