Margolanen erakusketa zabaldu du Benjamin Picok kultura etxean

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 11a, 18:18

Benjamin Pico kutura etxeko erakusketa gelan.

Hamabost bat urte dira Benjamin Pico Aiegira joan zela bizi izatera, eta haren margolanen erakusketa ekarri du orain Oñatira. Oñatiko pertsonak, txokoak eta elementuak ageri dira kultura etxeko erakusketa gelan dauden hainbat pinturatan.

Extremaduran jaio zen Benjamin Pico (Moraleja, 1955), baina urtebete zuela etorri zen etxekoekin Oñatira. Kantonoste kalean bizi izan ziren, 9 urte bete zituen arte, Kurtzebiden gero eta San Lorentzon azkenik, ezkondu zenean. Nafarroako Aiegi herrira joan zen bizi izatera duela hamabost bat urte, eta koadroak esku artean dituela etorri da orain bisitan.

Aukeratutako margolanak

Hark egindako pinturen erakusketa dago zabalik egun hauetan kultura etxeko erakusketa gelan; hilaren 21era arte ikus daitezke haren margolanak. Guztira, 42 lan ekarri ditu, baina ez dituen guztiak: "Aukeratu egin behar izan ditut, eta, erakusketa Oñatin izanda, bertako txokoak, elementuak eta pertsonak ager- tzen diren dezente ekarri ditut", dio hark.

Esaterako, Oñatiko unibertsitatea, haren ondoan dagoen trenaren lokomotora, Maiatzaren Bata plazako iturria, haren jaiotetxea eta San Migel ondo bereizten dira ikusgai dauden margolanen artean. Baita Gotzon Osinaga txistulariari, Jabi Erostarbe ilustratzaileari eta Lope Agirre antzeztuz Rafa Aranbururi egindako erretratuak.

Ofizio eta afizio

Horiez gain, baina, badira paisaiak, animaliak eta izadi hilak ageri diren lanak ere. Olio-pinturak eta akrilikoak dira eta denak tamaina handikoak; 50x70 neurrikoa da txikiena. Baita oso koloretsuak ere: "Kolore biziak oso gustukoak ditut".

HILAREN 21ERA ARTE
IKUS DAITEZKE

MARGOLANAK KULTURA ETXEKO ERAKUSKETA GELAN,

EGUNERO, 18:00ETATIK

20:00ETARA

Pintura eta errotulazio lanak egiten zituen Picok Oñatin bizi izan zen sasoian. Oraindik erretiratu ez duen furgoneta zuri batekin ibiltzen zen batera eta bestera. "Letrak kendu nizkion, baina oraindik ibilgailu berarekin mugitzen naiz Iruñea aldean, bai. Hara joan nintzenean, Tres Reyes hotelean hasi nintzen mantentze-lanak egiten; margotzekoak, batez ere. Horixe izan da nire ogibidea beti, baita nire afizioa ere. Gaur egun, bospasei orduz aritzen naiz koadroak egiten, egunero".

Iruñeko lagunekin

Astelehenean zabaldu zuten margolanen erakusketa, eta Oñatiko lagun asko joan zaizkio agurtzera lehen egunetan. Aiegin dago orain, baina datorren astean bueltatuko da Oñatira, Iruñeko lagunekin. "Hiruzpalau egun egingo ditugu, Oñati bera eta Arantzazu, behintzat, erakutsi gura dizkiet eta. Han bizi naiz, baina hemengoa naiz ni; badut herrimina, eta egun hauek bereziak ari dira izaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak