2,16 milioi euroko laguntza berria jasoko du Oñatiko Udalak Europako Next Generation funtsetik

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 10a, 20:28

Gaur izan den aurkezpen ekitaldia.

Emakumeen Etxearen eraberritzerako, plazako azoka eta inguruak hobetzeko, Torreauzoko zubitik Usako aldera bidegorria egiteko, herrigunean disuasio-aparkalekuak egiteko eta Arantzazuko eta Araozko aparkalekuen kudeaketa automatizaturako laguntzak izango dira.

Oñatiko Udalak 2,16 milioi euroko laguntza berria jasoko du Europar Batasuneko Next Generation funtsetik, haren proposamen sorta PSTD Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planetarako 2023ko ezohiko deialdian aurkeztu ostean. Bi dira laguntza lerro berriak bilaturiko helburuak: turismoa eraldatzeko eta berritzeko prozesuak ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen iraunkortasuna barnebiltzea; eta klima aldaketarekiko, osasun krisiekiko edota turismo eskari handiegiekiko erresilienteak diren turismo ekosistemak sortzea. 

Turismo jasangarriaren aldeko apustua egin du Udalak proposamenak aurkezterakoak, herriaren "identitate propioa" kontutan hartua eta "banaketa orekatua eta iraunkorra" izan du oinarrian. Egokitasuna aztertu ostean, egitasko hauek izan dira onartuak: Emakumeen Etxearen eraberritzea -600.000 euroko laguntza jasoko du-; Usakorako bide segurtasuna berma dadin Torreauzoko zubitik bidegorria egitea eta bertako ingurune naturala hobetzea -769.000 eurokoa-; herrigunean disuasio- aparkalekuak egitea -200.000 eurokoa-; Arantzazuko eta Araozko aparkalekuen kudeaketa automatizatua -126.000 euroko laguntza-; eta herriko plazan dagoen azoka zein haren inguruak hobetzea -300.000 euroko laguntza jasoko du-.

Bigarrenez

Bigarren aldia da Oñatiko Udalak Next Generation funtsetik eratorritako laguntza jasotzen duela. Aurrekoa Natur Eskolaren birgaitzeari lotutakoagatik jaso zuen, 532.000 euroko laguntza, urtarrilean. Oro har, efizientzia energetikoa eta iraunkortasuna hobetzea bilatzen zuen programa hark. 

Guztira, 19,45 milioi euro jaso dituzte EAEko herri edo eskualde desberdinek aurkezturiko hainbat egitasmok. Oñatirako jasotakoak egindako bidearen aitortza modura ulertzen ditu Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak