Iazko borreroa izango du aurrean Aloña Mendik, gaur

Xabier Urtzelai 2023ko mai. 12a, 12:00

Oñatiko eta Amezketako pilotariak, iazko kanporaketan.

Oñatiko pilotariek Herri Arteko txapelketako final-zortzirenak jokatuko dituzte gaur 18:30ean hasita. Amezketako pilotarien kontra jokatuko dute Zubikoan: "Iaz eurek bidali gintuzten kalera, kontrario gogorra izango da", dio Ander Biainek. 

Oñatiko pilotariek aurpegi ezagunak izango dituzte gaur aurrean, Herri Arteko txapelketako lehen kanporaketan. Izan ere, Aloña Mendikoek Amezketako pilotarien kontra galdu zuten iaz lehen kanporaketan. Horren jakitun, Ander Biainek garbi dauka aurrera egiteko gauzak oso ondo egin beharko dituztela joanekoan, amezketarrek maila oso politeko pilotariak dituztelako. "Herri Arteko Txapelketan kontua ez da pilotari on bat izatea, kategoria guztietan izan behar dira bikote parekatuak, eta hori ez da batere erraza, harrobi oso sendoa duten herriek bakarrik lortzen dute hori". 

Hala, gaur arratsaldeko jaialdian, kadete mailan Etxahun Lizarraldek eta Joanes Osesek osatuko dute bikotea, gazte mailan Iñaki Barrenak eta Manex Madinagoitiak eta senior mailan Peru Etxegaraik eta Iñigo Erlek. "Ea lehenengo kanporaketatik bizirik irteten garen, alegia, hiru partiduetako bat irabazten dugun. Senior mailakoan dugu esperantza, izan ere, nahiz eta gure kadete eta gazte mailakoak maila politekoak diren, eurek oso politari onak dituzte hor. Kadetetan, esaterako, gureak ez daude ohituta halako kanporaketa bat jokatzera. Gazte mailan, berriz, gureak pilotari onak dira, baina euren pilotarietako bat oso-oso ona da. Ea, bada, nagusietan Etxegaraik eta Erlek partidua irabazten duten".  Joaneko partidu honen ondoren, datorren asteburuan izango dute itzulikoa, Amezketan.

Bergara kanpoan dago jada

Bergarakoek final-hamaseirenetan hasi dute aurtengo torneoa, eta gauzak diren moduan, Altzokoak erraz gailendu dira. Joanekoan 3-0 irabazi zuen Altzok, eta neurri handian kanporaketa erabakita utzi zuten han, izan ere, emaitza horrekin ia ezinezkoa zen itzuliko partiduan, Bergaran, ezustea ematea. Bada, egubakoitzean sikiera senior mailakoen partidua irabazi ahal izan zuten Etxanizek eta Rezustak (22-16).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak