Oñatiko gaztelekuan jokatuko da Señora sariketako finala

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 1a, 17:18

Lehen Señora sariketako lehenengo saioa, Aramaion, 2021eko apirilean.

Hamabi bertsolarik hartuko dute parte, seik kanporaketa saio bakoitzean, eta haien artean dago Maider Arregi oñatiarra; Bilbokoan arituko da hura. Kanporaketa saio bakoitzeko hiruk osatuko dute maiatzaren 27an Oñatin izango den finaleko seikotea.

Aurreko bi urteetakoek bezala, bi kanporaketa eta finala izango ditu aurtengo Señora sariketak. Hamabi bertsolarik hartuko dute parte; Maider Arregi oñatiarrak tartean. Maiatzaren 6an Bilbon egingo den lehenengo kanporaketan arituko da hura. Bigarrena Erratzun izango da, 13an, eta finala maiatzaren 27an, Oñatin, gaztelekuan, 17:00etan.

Ahalduntzen

Lehen Señora sariketa antolatzeko taldean ibili zen Arregi duela bi urte, entzule moduan jarraitu ditu lehen biak eta parte-hartzailea izango da hirugarren honetan. "Pandemia osteko konfinamendu arintzean sortutako proiektua da, feminismotik. Hilean behin elkartzen gara ahalduntzea lantzen ari den bertsolari talde bat, eta handik atera zen ideia. Emakumeak izan ziren lehen sariketako bertsolariak, baina genero identitate ertzean kokatzen direnengana zabaltzea egoki ikusi genuen, eta aurten ere horrela izango da", Arregiren azalpenak.

Sariketara begirako bilera irekia egiten dute, eta orduan hasten da lanean antolakuntza taldea, aldatu egiten dena urte batetik bestera. Talde horrek bidaltzen die gonbidapena bertsolariei sariketan parte hartzeko, lurraldetasuna, adina eta aurrekoetan parte hartu duten edo ez kontuan izanda, adibidez. "Ideia da denek hartzea parte sariketan, urte batean ez bada hurrengoan".

Arregi, "gogotsu"

Bertsoak epaituko dituztenek ere ohiko txapelketetan ez bezala egingo dute lan. Lau epaile egongo dira eta bakoitzak gauza bat epaituko du: txapelketetan normalean kontuan hartzen direnak batek, diskurtsoa beste batek, lankidetza edo parte-hartzaileen arteko laguntza hirugarrenak eta bertsoak sortzen duen emozioa laugarrenak.

MAIATZAREN 27AN IZANGO DA FINALA, 17:00ETAN, ETA SARRERAK SALGAI DAUDE DAGOENEKO

Sariketa prestatzen ari ote den galdetuta, ezetz diot Arregik, baina "gogotsu" dagoela gaineratu du: "Egia esan, ez nabil propio prestatzen, baina bertso eskolan, adibidez, lantzen ditugu gairekiko diskurtsoak edo egoerak. Badut parte hartzeko gogoa, bai; gogotsu nago".

Sarrerak salgai daude

Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainerako genero identitateak ikustarazteko lagun arteko ekimena da Señora sariketa, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Bertsozale Elkarteko atarian. Kanporaketetako sarrerak zortzi euro balio du eta finalekoak, berriz, hamar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak