Aho batez onartu ditu udalbatzak osoko bilkurako gai guztiak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko api. 28a, 11:25

Aitor Montes, Aramaioko familia medikuak paziente baten historia medikoa euskaraz idazteagatik sortu den aferaren inguruan, udalbatzak bat egin zuen UEMAtik etorritako adierazpenarekin. Hauteskunde mahaietan egongo diren herritarren zozketa ere atzoko osoko bilkuran egin zuten.

Aho batez onartu ditu Oñatiko udalbatzak apirileko osoko bilkurara eramandako puntu guztiak. Horien artean, esaterako, Eltzia etxearen eta Udalaren arteko laguntza hitzarmena lau urtez luzatzea eta aurtengo laguntza bideratzea. Baita, bi TAO zaintzaileren zerbitzua onartzea, urtebeterako, baikoitza %50eko jardunarekin. Oñati Mugiment Kirol txartelera atxikitzea ere onartu zuen; horrela, Zubikoako bazkide den herritarrak aukera izango du programa horretara batu diren Euskal Autonomia Elkarteko beste herri batzuetako kirol azpiegiturak ere erabiltzeko.

Aitor Montes, Aramaioko familia medikuak paziente baten historia medikoa euskaraz idazteagatik sortu den aferaren inguruan, udalbatzak bat egin zuen UEMAtik etorritako adierazpenarekin. Alegia, historia medikoa euskaraz idazteko eta medikuek euskaraz lan egiteko eskubidearen aldeko adierazpenarekin. Mozio bidez Oñatiko udalbatzak eskatu du Oñatiko Udalak egin bezala, Debagoieneko ESIk ere Montesi elkartasuna eta babesa helaraztea. Baita historia medikoa euskaraz idazteko eskubidea behar bezala jasotzea dagozkien arauetan, protokoloetan edota kode deontologikoetan, eta horretarako bitartekoak garatzea eta mediku guztien eskura jartzea. Jazarpen egileari dagokionez, egindakoaren ardura beregain hartzeaz gain, horrelakorik berriz ez gertatzeko neurriak hartzea.

Bestalde, atzoko osoko bilkuran egin zuten maiatzaren 28an hauteskunde mahaietan egongo diren herritarren zozketan. Programa informatiko baten bitartez egin zuen idazkariak, Iñigo Roldanek. Gaurtik aurrera banatuko zaizkie jakinarazpenak izendatuak izan diren herritarrei. Maiatzaren 28an 4 hautesleku eta 15 mahai egongo dira. Mahai bakoitzean presidente bat eta bi bokal egongo dira eta horien eta horien ordezkoen, 9 mahaiko, izenak eman zituen programak. Izendatuak izan direnek 7 eguneko epea izango dute, jakinarazpena jasotzen dutenetik, alegazioak jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak