Olabarrietakoekin batera hasiko dira auzoetako jaiak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko api. 28a, 14:52

Olabarrieta auzoa jarritako karpa, elkartearen aurrean.

19:00etan botako duten etxafuegoak emango die hasiera Olabarrietako jaiei; 22:00etan, Larru Beltzak taldeak emango die hasiera kontzertuei. Indar bereziko jaiak dira Olabarrietakoak, hango suziria bota ostean datoz-eta ondorengo jai guztiak.

Gaur, egubakoitza, hasi eta astelehenera arte iraungo dute Olabarrieta auzoko jaiek. Maiatzaren 1aren bueltan antolatzen dituzte urtero, eta haiek ematen diete hasiera, nolabait, gainerako auzoetakoei. Olabarrietan gaur botako duten etxafuegoak iragarriko ditu, beraz, bertakoak eta baita gainerakoak ere. Olabarrietak (egitaraua hemen) ematen du herriko auzo eta kaleetan antolatuko dituzten jaien hasieraren abisua.

Adostutako egutegia

Maiatzaren hasieratik herriko jai nagusiak pasa arte izaten da jaien sasoia; bide batez, urtean zehar antolatzen diren ekitaldiei gehitzen zaien egitarauarekin bakoitza. Udaberria hasi aurretik, herriko eremu urbanoan antolatzen diren jaietako ordezkariekin bilera irekia egin ohi du urtero Udalak; baita aurten ere. Auzo edo kale bakoitzak ere jaiak noiz ospatu gura dituen azaltzen du orduan bilerara joandako ordezkariak, eta denen ideiak batu eta adosten dute egutegia. Herriguneko zortzi jai batzordek, esaterako, egina dute antolakuntzan laguntzeko eskaera Udaleko Kultura Sailean: San Migel Txiki, Errekalde, Olakua, Triana, San Lorentzo, Bidebarrieta, Atzeko kalea eta San Martin. Haiez gain, Corpus jaiak eta herriko jai nagusiak egongo dira aurten herri barruan. "Jaietako datak adostuta egonda beste zerbait antolatzeko eskaera heltzen bada Udalera, eragile biei jakinarazten diegu eta haiek harremanetan jartzeko ahalegina egin, batak ez dezan bestea oztopatu, ahal dela, eta bien artean lotzeko zer, non eta noiz egin", azaldu du Kultura batzordeburuak, Iñaki Olaldek. Udalak, gainera, lehentasuna ematen die herritarrek antolatzen dituzten auzoetako jaiei, eta, normalean, data horietan ez du ezer antolatzen. Berdin jokatzeko ohitura du Antixena gaztetxeak ere.

22:00ETATIK 03:00AK
BITARTEAN AUTOBUS

ZERBITZUA EGONGO

DA GAUR, KALETIK

OLABARRIETARA

Landa-auzoetan ere bai

Landa-eremuko auzoek Landa Garapeneko batzordean egiten dituzte jaiak antolatzeko eskaerak. Hamasei landa-auzo daude Oñatin eta haietako hamabik dagoeneko jakinarazi dute jaiak antolatuko dituztela eta Udalak eskaintzen duen materialaren beharra izango dutela. Batzuetan, baina, meza eta otordua bakarrik egoten dira, eta material horren beharrik gabe konpontzen dira. Dirulaguntzari dagokionez, Kultura Sailak banatzen du dirua herrigunekoak antolatzeko eta Auzotasuna programatik hartzen dute landa-eremukoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak