Joan den urriaren 29an ekin zion Herriko Futbol Txapelketak 2022-2023ko denboraldiari, hamar talderekin. Guztien helburua Liga Txapelketako finalera iristea zen, eta, zazpi hilabetez lehian ibili ondoren, txapelketako bi talde klasikok lortu dute txartela; Sasquatch eta Albok arituko dira tituluaren lehian, bihar, zapatua, 17:30ean, Azkoagaingo berdegunean.
Lehenak Mazedonia taldeari 1-2 irabazi ostean iritsiko dira biharko hitzordura. Badakite zer den Herriko Txapelketako irabazleak izatea, eta beste garaikur baten bila zelairatuko dira. Albok taldeak ere badaki zer den txapeldun izatea, eta, joan den urtean kopa eskuratu ostean, aurten liga dute begiz jota; finalerdian nagusitasunez irabazi zioten Weinguter taldeari: 5-2.
Eskarmentua duten bi talde dira, eta, seguru asko, bihar egiten den akats bakoitzak berebiziko garrantzia izango du epaileak txistua jotzean titulua lortu ahal izateko.
Kopako finala ere, bihar
Ligakoa ez da izango, ordea, bihar jokatuko den final bakarra. Urtero bezala, txapeldunen fasea jokatzen ez duten taldeek kopa txapelketa jokatzen dute urtarriletik aurrera. Biharko finalean (15:30) gaztetasuna izango da nagusi: Sarutobi eta Tutelatraku aurrez aurre. Lehenak aurten estreinatu dira Herriko Futbol Txapelketan eta balentria egin zuten finalerdietan Shatoken Moura taldeari 3-2 irabazita; ilusioa da nagusi finalerako ordu gutxiren faltan.
Aurrean Tutelatraku izango dute; hura ere talde gaztea eta azken urteetan zeresana ematen ari dena HFTn. Haien finalerdia ere ez zen erraza izan, eta, Frakas Brabas 0-1 garaituta, kopa altxatzea, ez dute beste ezer buruan.
Denboraldi positiboa
Azken urteetan HFTren inguruan zurrumurru asko entzun dira, egingo zen edo ez zalantzan jarri ere bai. Aurten hamar taldek hartu dute parte eta antolatzaileek, egun handiaren faltan, balorazio ona egin dute. "Denboraldiaren balorazio oso positiboa egiten dugu eta gustura gaude izandako parte hartzearekin", dio antolakuntzako Jon
Ander Errastik. Gainera, aurten albiste positibo bat ere izan dutela azpimarratu nahi izan du: "Aurten hirugarren epaile bat ere batu zaigu, eta hori oso albiste ona da; indarrak ematen dizkigu hurrengo denboraldiei begira".