Malen Osa eta Aitor Ajuria izan dira azkarrenak XVIII. Aloñako Igoeran

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko api. 23a, 19:21

Aitor Ajuria eta Malen Osa podiumean txapela jantzita. Argazkia: Imanol Soriano

Salomon etxeko korrikalari oñatiarrak hirugarrenez jantzi du txapela, eta gainera, bere aurtengo helburu nagusia lortu du, Maite Maiorak 2018an ezarritako marka hobetzea. Gizonezkoetan, berriz, Aitor Ajuria otxandiarra izan da azkarrena; gaurkoarekin bigarren garaipena du Oñatin. Bihar Harmailatik saioan (astelehenean 21:30ean) erreportaje berezia eskainiko da, lasterketak emandakoarekin eta protagonisten hitzekin.

Euria egingo ote zuen edo ez, zalantza horrekin esnatu dira gaurkoan korrikalariak zein ikusleak, baina deabruak irteeran sua piztu bezain pronto zakartu da giroa aurtengo Aloñako Igoeran. Haizeak eta eurak baldintzatutako lasterketan, ederki sufritu behar izan dute lasterkariek, izatez gogorra bezain polita den ibilbidean. Ikusleentzat ere goiz aldrebesa parte-hartzaileei animoak ematera joateko, baina beste behin ez dute hutsik egin eta Aloña eta inguruak zaletuez bete dira. 

Egun ilunari, argitasuna jartzeko prest agertu dira 300 korrikalaritik gora Foruen Enparantzan goizeko 09:00etan. 22,6 kilometroko eta 1868 metroko desnibel positiboko lana burutu ondoren bi izen gailendu dira beste guztien gainetik: Malen Osa eta Aitor Ajuria. Osak hasieratik amaiera erakustaldia eman du; Ajuriak gehixeago sufritu behar izan du, baina merezimenduz jantzi du txapela.

Hirugarren txapela eta errekorra

Egutegian aldaketa txiki bat eginda iritsi da Malen Osa aurtengo ediziora, baita Salomoneko taldekideekin hamaika eguneko training camp egonaldia egin ostean. Aurten, gainera, helburu jakin batekin jarri da irteera puntuan: 2018an Maite Maiorak ezarritako errekora (2:20:40) haustea; esan eta egin. Mendaroko korrikalariaren marka bi minutu eta sei segundo ondu du 2:18:34 denborarekin helmugaratuta. Aurretik egindako lan guztiak bere fruituak eman ditu.

Malen Osa helmugan garaipena ospatzen. (Argazkia: Imanol Soriano)

Lasterketaren hasieratik jarri da aurrealdean, bereziki indartsu ekin dio gaur Osak, berak esan bezala "berotu"egiten delako horrelakoetan. Erritmo bizi horrekin erabat hautsi du lasterketa, atzetik aurkaririk ez zuela. Belarrera iritsita euria eta haizea lagun deserosoak aurkitu ditu, baina hauek ere ez dute lortu oñatiarra gelditzea. Ikusleen animoekin iritsi da Aloñako tontorrera 58 minutu eta 32 segundoko denborarekin, bigarren sailkatua zortzi minutu atzetik zuela.

Hortik aurrera ere indartsu jarraitu du, eguraldiak une batzuetan "frustrazio" puntu bat eragin dion arren. Behin gailurreria igarota, beheranzkoan "indarrarekin" zegoela esan du Osak eta orduan estutu du errekorra egiteko aukera zuela garbi ikusita. Helmugan 2:18:34 denborarekin, bi minutu eta sei segundo hobetu du Maite Maioraren marka . Era berean, bera izan da emakumezkoetan lehen oñatiar azkarrena. Osaren ostean, bigarren izan da Maddi Mujika eta hirugarren tokian hlemugaratu da Garazi Abasolo aretxabaletarra.

  1. Malen Osa Ansa-(2:18:34)
  2. Maddi Mujika Errasti-(2:43:45)
  3. Garazi Abasolo Mujika-(2:48:02)
  4. Ane Zabala Bruña-(2:51:38)
  5. Saioa Arkonada Perez-(2:56:25)

 

Maddi Mujika, Malen Osa eta Garazi Abasolo. (Argazkia: Imanol Soriano)

Bigarrena Ajuriarentzat

Walter Becerraren hutsunearekin, Aitor Ajuria otxandioarra zen gizonezkoetan faborito nagusia lasterketa irabazteko eta Domusa Teknik Lana taldeko korrikalariak ez du hutsik egin. Duela bi urte jantzi zuen lehenengo txapela Oñatin eta gaurkoan 2:03:35 denborarekin helmugaratu ostean bigarrenez irabazi du Aloñako Igoera.

Aitor Ajuria helmugan, deabruarekin batera. (Argazkia: Imanol Soriano)

Gogotik egin behar izan du lana, batez ere Aloñarako igoeran,  helmugan besoak altxatzeko. Hasieratik lehen postuan jarri da eta Urtiagainera aldetxoarekin iritsi den arren aurkariak atzetik izan ditu une askotan eta, estutu beharra izan du hauei aldea ateratzeko. Aloñako tontorrera igotzeko 51 minutu eta 38 segundo behar izan ditu . Ordura arte ezarritako erritmoari eutsiz, tarte hori mantentzen joan da lasterketa guztian zehar, baita jaitsieran.

Behin Oñatiko kaleetan sartu denean, zaletuen berotasunarekin eta deabrua zain zuelarik, bakarrik helmugaratu da 2:03:35 denbora eginda. Gaurkoarekin bigarren garaipena du Oñatin. Ajuriaren ostean sailkatu den bigarren gizonezkoa Iñigo Uribetxebarria izan da, eta bi hauei podiumean lagundu dien hirugarren sailkatua berriz, Mikel Zabalegi. Gizonezkoetan lehen oñatiarra berriz, Xabi Lete izan da.

  1. Aitor Ajuria Elkorobarrutia-(2:03:35)
  2. Iñigo Uribetxebarria Agirre-(2:07:45)
  3. Mikel Zabalegi-(2:08:01)
  4. Oier Elorza Abaunz-(2:09:49)
  5. Ion Artetxe Zalbide-(2:11:17)

(Argazkia: Imanol Soriano)

Helburuak beteta, irabazleak pozik

Biak ziren faborito gaurko lasterketarako eta pronostikoak betez, podiumeko goiko mailan izan dira biak ala biak amaieran. Ajuriak zein Osak aitortu dute "disfrutatu" egin dutela aurten "egun borobila" izan dela gaineratuz. Salomon etxeko korrikalariarentzat "berezia" da Aloñako Igoera, etxekoen eta lagunen alboan egiten baitu lasterka, eta nahiz eta erraza ez izan lasterketa honi, ahal duenetan, lekua egiten saiatuko dela aitortu du. Otxandiarra izan arren, Domusa Teknik Lanako kideak ere "etxean bezala" sentitzen dela adierazi du lasterketa amaitzean; Sorginen Lasterketaz gain, Aloñako Igoera dela bere kuttunenetarikoa gaineratuz.

Erlazionatuak

Aloñako Igoerako argazkirik onenak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023 api 23 Oñati

Sari banaketaketako irudiak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023 api 23 Oñati

Zazpigarrenez egin dute Aloña Txiki

Iñigo Barrena Kortabarria 2023 api 23 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak